TorreaRock: Leitzako Torrea tabernaren 30. urteurrena ospatzeko hitzordu paregabea

Leitzako Torreak hogeita hamar urte bete dituela ospatzeko Torrearock elkartasun kontzertua antolatu dute martxoaren 23an. Leitzako Herri Aretoan, 18:30etik aurrera, RottenXII, The Clayton, Neskatasuna, Herdoil eta Üzkülüz DJ ariko dira.

2024-ko martxoak 1

«Auzonalak, musikak eta elkartasunak» bat eginen dute hitzorduan, Torrean duela hogeita hamar urte abiatutako proiektuak segida izan dezan. Sarrerak Leitzako Torrea tabernan eta Iruñeko Aitzina Tabernan eskuratu daitezke, edota bizum bidez 666 11 38 28 telefonoaren bidez.

1994an ireki zituen ateak Torreak eta hogeita hamar urte horietan, milaka pasadizo bizi izan dituzte. Bertako kideek, ongi gogoan dituzte, «hasierako auzolanak, eztabaidak, aurreneko pote eta parrandak eta lehenbiziko akorde eta kontzertuak». Azken hiru hamarkadetan egin bezala, Torreak musikaz lagunduta ospatuko du bere 30. urteurrena. TorreaRock jaialdiak Leitzako Herri Aretoa hartuko du eta diotenez, «urte hauetan guztietan egindako lana eta emaitzak ospatzeko aitzakia eskainiko digu».

“Herriko Tabernen auzia”

Herriko tabernen auzian barruan izan zen Torrea Taberna. Auzitegi Nazionalak zuzendutako Ezker Abertzalearen aurkako makrosumario honetan, Torrea eta gainontzeko herriko tabernak interbenitu zituzten, eta batzuk itxi egin ziren. Torreak, ordea, lanean jarraitu zuen.

Duela bi hamarkada baino gehiago Baltasar Garzon epaileak abiatutako sumarioa 2014an izan zuen bere epaia: 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen «ETAren egitura finantzatzea egotzita». 2015ean, Gorenak berretsi egin zuen epaia eta 101 herriko taberna bahitzeko agindua eman zuen.

Eta nahiz eta pandemiaren erdian Espainiako Auzitegi Nazionalak tabernen kontu korronteak bahitzeko agindua eman, epaia ez da oraindik gauzatu, eta Torreak bizirik jarraitu du.

RottenXII, The Clayton, Neskatasuna, Herdoil eta Üzkülüz DJ ariko dira oholtzean.

Gehiago