Topatu.eus-ek martxoaren 1an agur esanen du beste proiektu komunikatibo bati lekukoa emateko
10 urte bete zituen pasa den urtarrilean Topatuk, eta orduan aurreratu bezala, hausnarketa batean murgilduta egon dira orain arte "zein dira Gazte Proiektu Komunikatiboaren erronkak gaur egun" eta hemendik aurrera nola jarraitu lanean galderei erantzuna emateko, hain zuzen ere.
2020-ko otsailak 24
Topatu.eus-ek erabaki zaila hartu du. Gazte proiektu komunikatibo berri bat sortu eta Topatu ixtea. “Bildu, bilakatu eta berriz lehertu. Big bangean bezala, gure indar eta ilusio guztiak puntu batean biltzera goaz, materia metatzera. Eta emango du hutsik dagoela espazioa, baina momentu batean eztanda berriak berreraikiko du unibertsoa, eta birsortuko da gazte mundua”, diote zabaldutako oharrean.
Leherketa berrien mesedetan, beraz, agur esango du Topatuk martxoaren 1etik aurrera. “Baina nostalgiarik ez!”, diote. Aurrera eta alboetara begira daude gazteak, baina ez atzera, eta Topatu izan den guztia motxilan daramatela ziurtatu dute “bide berriei ekiteko, Gazte Komunikazio Proiektua berrasmatzeko”.
“Zuri, irakurle, hartzaile, bazkide, gazte zirikatzaile eta ez hain gazte ez hain zirikatzaile. Zuri eskerrak eman nahi dizkizugu azken hamar urte hauengatik. Zuk egin duzu Topatu, zuek zarete Topatu! Eta aurrerantzean Gazte Komunikazio Proiektua izango denak ere izango du zuen zatitxo bat”, esan dute.
Topatu.eus zein topatu.info webguneak ikusgarri egongo dira martxoaren 1etik aurrera, oroitzapen on zein ez hain onetan murgildu nahi duen edonorentzat.