Topagunea euskaltzaleen mugimendua bilakatuko da Taupa izen berriarekin
Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez, “euskarak, eta batez ere, euskaldunok, mugimendu eraldatzaileagoa, anitzagoa eta sendoagoa behar dugu”.
2024-ko abenduak 17
Iturria: Argia.eus
Euskaltzaleen Topaguneak erakundeari izena aldatu dio, eta Jasone Mendizabal Tauparen koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, “ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera”. Aurrerantzean “izan eta egin nahi duena berrasmatu” nahi du Topaguneak.
Topaguneak hausnarketa prozesu bat du egina eta bide horretan 200 lagunen bizipenak eta iritziak entzuteko aukera izan du. Prozesu hori eginda, atera duten ondorioa da “euskarak eta herri honek jauzi bat behar” dutela. Eta jauzi hori egiteko, Topaguneak tokitik mugitu behar duela dio Irati Iciar lehendakariak.
Taupamugimendua.eus sortu dute
Aurrerantzean ere euskara elkarteak izango dira muina, baina elkarteetan aritu gabe ere, euskararen alde ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek euskaltzaleen mugimenduan parte hartzeko aukera izango dute. Erakundearen asmoa da saretuta ez dauden euskaltzaleei, norberaren ahalen eta nahien arabera, parte hartzeko aukerak ematea. Horretarako taupamugimendua.eus webgunea prestatu dute. Plataforma horren bidez, euskaltzaleek ahalduntzeko eta informatzeko edukiak izango dituzte, aktibaziorako proposamenak jaso eta egin ahal izango dituzte, eta mugimendua diruz babesteko aukerak ere egongo dira. Webgunearen erronka nagusiak bi dira: batetik, aktibatzeko aukera berri eta berritzaileak proposatzea, eta bestetik, jendeari proposamenak egiteko aukera eta espazioak eskaintzea. Ekintzak mota askotakoak izan daitezke, aktibismo digitala, adibidez, eta batez ere kalekoa. Proposamen indibidualak egin daitezke, taldean egitekoak, eta proposamen kolektiboak ere bai, taldean antolatzea eskatzen dutenak.
Euskaltzaleen mugimenduak norabide berria urratzen duen bitartean, gogorarazi du udaberrian Euskaraldia izango dela eta datozen hilabeteetan indarrak horretan jarriko dituztela.
Komunitatea zabaldu
Mugimenduak, euskaltzaleak saretzeaz gain, komunitate zabalagoa osatzea du helburu: “Jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko premia dugu”. Komunitatea handitze bidean, egin beharreko lanak aipatu dituzte, besteak beste “imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatu”.
Komunitatea zabaltze horretan, harrera sare integral bat antolatzeko premia aipatu du Jon Zapata aktibazio arduradunak. Haren ustez, “hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea estrategikoa da”, eta euskaltzaleen mugimenduak beste eragile batzuekin elkarlanean egin beharko du.
Erronka: erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea
Eneko Gorrik azaldu du erabilera sendotzeko aukerak sortu beharko direla, “datorrena ‘erabileraren aroa’ izan dadin”. Gaineratu du, “horretarako luzaroan beharko direla euskaltzaleak euskaraz mintzatzen egoera eta eremu ezerosoetan, eta beharko direla, baita ere, jarrera hori bultzatuko duten konplizitate berriak”.
Hiztunen borondateaz gain, euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna izatea eskatu du mugimenduak, eta adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak jostea aldarrikatu du.
Eneko Gorrik hau gehitu du hitzartzearen bukaeran: “Euskaltzale aktibista gehiago behar ditugu, korrontearen kontra ere, euskaraz bizitzeko hautua egingo dutenak, eta eraldaketa gorpuztuko dutenak”.