Talde kriminala izatea leporatu diete Aroztegiaren aurkako ekimen baketsuetan parte hartu zuten 7 kideei

20 urteko kartzela eta 56.000 euroko isunak ezarri nahi dizkiete pertsonai hauei. Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak leporatzen dizkiete Aroztegiko akanpadan parte hartzeagatik.

2024-ko uztailak 16

LAB: “Zigor eskaera berehala kentzeko exijitzen dugu”

ELA: “Protesten aurkako kriminalizazioa salatu eta auzia artxibatzea eskatzen dugu”

2021eko udaberrian Baztango Lekarozko herrian golf zelai bat eta urbanizazio erraldoi baten eraikuntzarako makinek lanak hasi zituztenean, zonaldeko hainbat lagunek obrak gelditu zituzten langileen lana oztopatuz, beti ere modo baketsuan. Kanpaldi bat ere egin zen obrak gelditzeko helburuarekin, eta mehatxatutako natur espazioak defendatzeko.

“Espekulazioaren mamurru beltzak bere makinekin, beraiendako espreski egindako legeak errespetatu gabe eta Baztango herritarren eta tokiko erakundeen erabakien gainetik pasatuz, gure lurrak xehatzera etorri ziren. Agertu bezain fite Euskal Herriko xoko guzietatik herritarrak Aroztegirat hurbildu eta akanpada koloretsu, eta desobedientearekin, gure gorputzak makinen aitzinean paratuz, basakeria zen obra hura gelditzea lortu genuen”, gogoratu dute gaur egindako agerraldian. Palacio de Arozteguia SL, TEX eta QUEIPO SL enpresek proiektua bertan behera utzi zuten, baina bidean 7 kide identifikatu eta epaitegira deitu zituzten.

Orain, jakin denez, 20 urteko kartzela eta 56.000 euroko isunak ezarri nahi dizkiete. Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak leporatzen dizkiete Aroztegiko akanpadan parte hartzeagatik. “Lotsagarria”, azpimarratu dute.

“Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzen babesari esker gertatu zen hura, agortua den eredu kapitalista, heteropatriarkal, kolonial eta ekozidari planto egiteko dugun konpromisoarekin. Denek eskutik elkar harturik lortu genuen”, eta nahiz eta 7 lagun izan epaitu nahi dituztenak, argi dute “herri oso baten kontrako zigorra” dela.

“Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela. Isilarazi nahi gaituzte, eta ez dute lortuko”. Gainera, gogoratu dutenez, borroka oraindik ez da amaitu. Izan ere, nahiz eta proiektua gaur egun baztertu den, UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak berriz nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzea eskatzen dute, eta hori Nafarroako Gobernuaren ardura da.

Elkartasunerako deia ere egin dute, desobedientzia zibilaren kriminalizazioaren aurka agertzeko eta ekonomikoki laguntzeko. Horretarako aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbidea martxan jarri dute, elkartasuna bideratzeko.

Gehiago