Tafalla besarkatu, Nafarroako erdi aldean D Ereduari hezkuntza publikoan ongi etorri emateko aukera paregabea
Sortzen elkarteak antolatuta, Besarkatu ekimena egingo da larunbatean eguerdiko 12:30ean Tafallako plazan.
2016-ko apirilak 18
Tafallan D eredua lerro publikoan zabaltzea lortu da, baita Kaparroson eta Lodosan ere, momentuz. Hori eta Tafalla herriak “etorkizunerako aukerak ireki dituela ospatzeko” hainbat jarduera antolatu dituzte Besarkatu ekimenaren baitan.
“Ekimen honekin, euskarari ateak zabaldu dizkioten herriak, eta modu berean, Vascuencearen Legearen harresian pitzadura bat irekitzea lortu duten familiak eskertu nahi ditugu”, adierazi dute antolatzaileek. Gogoratu dutenez, urte luzeak daramatzate euskarak Nafarroako lurralde osoan behar duen tokia aldarrikatzen. “Poztekoa da hainbat herrietan D eredua zabaltzeko egindako lana. D eredua aukeratu duten famili horiek babesa beharko dute, bide berri bat irekitzen ari direlako, gaztelera nagusia den ikastetxe baten barruan, eta askotan, informazio faltari, edota beraien bizilagunen ez-ulertzeari aurre egin beharko diote. Beraiekin gaudela esan nahi diegu”.
Sortzen elkarteak, euskara diskriminatua izan den zonaldean, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatu du hainbat ekimenen bidez. 2014.urtean, Nafar Parlamentuak, aldeko bozketa baten bidez, Vascuencearen legean aldaketa bat egin eta euskaraz ikasteko eskubidea lurralde osora zabaltzea onartu zuen. Horrek urteetako diskriminazio mota batekin hausteko aukera administratiboa eman du. Baina borrosa ez dela amaitu gogoratu nahi izan dute.
“Orain erronka berri bat dugu. Euskararen hedapena Nafarroa osoan, ikasgeletan, plazetan edota lantegietan. Euskarak bide lagun izanen duen lege berri bat beharko du ezpairik gabe”, uste du Sortzenek.
Goizeko 10.30etatik aurrera txokolate beroa eskeiniko da, umeendako jarduerak eta kale animazioa inane da. Ekimenaren erdigunea, 12:30etan eginen den Besarkada erraldoia da. Herriko plazan elkartu eta aurkezle-zuzendari baten gidaritzapean, borobil haundi bat osatuko dute. Tafalla, Lodosa eta Kaparrosoko D ereduko familiez gain, D ereduan, Nafarroako zonalde diskriminatuan izena eman duten beste herrietako familiak ere egonen dira, baita Zudaire, Lezaun eta Abarzuzako familiak ere (ikasturte hasieratik D eredua beraien eskoletan dutenak). Aparte, euskararen aldeko eragile zein Hezkuntza Komunitateko eragileen ordezkariek ere hartuko dute parte.
Lurrean izanen ditugun borobil arrastoak betetzea izanen da helburua. Behin horiek jendez eta elkarteen-alderdien-sindikatuen ordezkariez beteta daudenean, gidariak altxaferoa bota eta elkar besarkatuko dute. Musikak eztanda eginen du konfeti eta algara artean.