Sustrai Erakuntzak Nafarroan ematen ari den biogasaren “boomaren” eraginaz ohartarazi du

Sustrai Erakuntza Nafarroako biometanizazioari buruzko txosten berria aurkeztu du. Honen bidez ohartarazi nahi dute biometanizazio planten hondakinek gure lurrean eragingo dituzten arazoez

2026-ko otsailak 20

Sustrai Erakuntza fundazioak txosten berria aurkeztu du: “Biometanizazio planten booma Nafarroan. Haien hondakinek gure lurrak kutsatuko dituzte”. Txosten honek teknika berri honi buruz azken hilabeteotan egin duten ikerketa eta ezagutu ahal izan dituzten proiektuak biltzen ditu.


Fundazioak azaldu du biometanizazioa energia ekoizteko modu berri bat garatzeko saiakera dela, berriztagarritzat jotzen dena, gure gizarteak egiten duen kontsumo izugarria asetzen saiatzeko. Haien hitzetan, litekeena da planta hauen balantze energetikoa positiboa ez izatea, eta prozesu osoan kontsumitutakoa baino energia gutxiago ekoiztea. “Energia berriztagarriaren hedapenak dituen egiturazko arazo larrien beste adibide bat dugu hau” diote.


Proiektu berri hauek Nafarroako geografian izan duten hedapenak mobilizazio sozial garrantzitsua ekarri du. Biogas proiektu berrien “inposaketaren” aurrean, herri plataformak sortu dira Lizarraldean: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia, Arroniz… eta Erriberan: Cintruenigo, Rada, Melida… Plataforma hauek, desinformazioari eta jasangarritasuna edo tokiko ekonomia bezalako kontzeptuak sustatzen dituzten enpresek egiten duten manipulazio interesatuari aurre egiten diote. Izan ere, salatu dute enpresek egiten dituzten praktikak ez direla egokiak: “Planta hauen aurkezpen-txartela beti “txukuna” delako: Nekazaritzak eta abeltzaintzak sortutako materia organikoa deskonposatu nahi dute, eta erregai gisa erabiltzen den biogasa ekoitzi. Azken hondakina, digestatoa, ongarri gisa sar daiteke lurzoruetan” adierazi dute Sustrai Erakuntzatik; aurkeztu dituzten proiektuek alderdi kaltegarri eta arriskutsu asko dituztela baieztatzen baitute.

Dokumentuak atal berezia eskaintzen die Nafarroan dagoeneko dauden kasuei. Besteak beste, HTN enpresaren kasua, Caparrosoko Valle de Odieta makrogranjari lotutako biometanizazio planta, edota Mendigorriako planta (Bioenergia Mendi). Hauek biek akuifero eta lurzoruen kutsadura arazo larriak eragin dituztela diote: “Planta hauek makrogranjen eta, oro har, abeltzaintza industrialaren gorakadari lotuta daude”. Izan ere, aurkeztu duten txostenean, Nafarroan dokumentatu dituzten arazoen errepasoa egin dute.


Horregatik guztiagatik, Sustrai Erakuntza Fundazioak aurrerantzean izan daitezkeen biogas proiektuak eta hauen inguruko alderdi guztiak azaleratu nahi izan ditu txosten honen bidez. Problematika oso handia dela azpimarratu dute, eta horregatik, beharrezkoa dela berau agerian uztea eta praktika txarrak salatzea. “Arazo hau, gizakiak dagoeneko planetari eragiten dizkion inpaktu handi eta oso larrien barne dago, gure biziraupenarekin erabat lotuta dagoena” gehitu dute; eta honek guztiak, kapitalismo “predatzailearekin” zerikusi zuzena duela diote.

Gehiago