Suhiltzaile gehiago eta larrialdi zerbitzu bateratua eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari
Babes Zibileko Zuzendariaren eta Barne Saileko Zuzendari Nagusiaren kargugabetzea eskatu dute LAB sindikatuko suhiltzaileek eta SOS Nafarroa zerbitzuko langileek.
2016-ko urriak 19
Legealdi honetan “beharrezkoa den” suhiltzaile kopurua eta herrialde osoko larrialdiak kudeatuko dituen egitura sor dezan eskatu diote Nafarroako Gobernuari. 388 suhiltzaile egon beharko lirateke, egun, baina 320 baino ez daude. Sindikatuaren arabera, “neurririk hartzen ez bada”, bost urtean, 244 jaitsi daiteke kopurua. Hala, parkeetan gutxienekoak betetzen ez direla adierazi dute.
Gainera, Orain dela urtebete Nafarroako Larrialdia Agentzia desagertu izana salatu dute suhiltzaileek, egitura falta eta langile eskasia. UPNk utzitako “herentzia” dela jakin badakiten arren, ardura eskatu diote exekutiboari.
Lander Aurrekoetxea LABeko ordezkariak adierazi du langileen konpromisoa “argia” izan dela, “kalitatezko zerbitzu publiko eta oso baten alde”, eta, bitartean, gobernuaren partetik “utzikeria eta inposaketa” jaso dituztela
SOS Nafarroa ere kexu
Hari beretik egin dute tira LAB sindikatuko SOS Nafarroako langileek, UPNren gobernuak zerbitzua “era oso txarrean” utzi zutela adierazi eta gero. Langileek “egoera hobetzeko” “zenbait proposamen” egin zituzten, baina atzera bota ditu Nafarroako gobernuak.
Halaber, Tafallako sutearen inguruan piztutako polemika gogoan izan, eta beharginek eskainitako zerbitzuaren inguruko zalantzak sortu izana kritikatu du. “Onartezina” da jokaera.
Gauzak horrela, suhiltzaileek eta SOS Nafarroa zerbitzuko kideek, beraz, Babes Zibileko Zuzendaria eta Barne Saileko Zuzendari Nagusia kargugabetzeko eskatu diote gobernuari, biek ala biek izan duten jokaerarengatik