“Su txikien itsasoa” deituriko egitasmoa aurkeztu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriko eragile sozial, herri mugimendu, sindikatu edota militante sozialei gonbidapena zabaldu die, transizio ekosoziala elkarrekin lantzeko eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko. Irailaren 30ean jardunaldi batzuk eginen ditu trantsizio ekosozialari buruz hausnartzeko.

2023-ko ekainak 14

“Su txikien itsasoa” izenarekin, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak irailaren 30ean, Ozaetako GaraiON Sorgingunean, jardunaldi-topaketa antolatu du. Jakinarazi duten bezala, egitasmo honen helburu nagusia, trantsizio ekosozial justurako ardatz nagusiak eta funtsezko aldarrikapenak zeintzuk diren eztabaidatu eta zoru komuna adostea da. Hortaz, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak, izena ematera eta bertaratzera gonbidatu dituzte.


“Asko gara Euskal Herrian borrokan gabiltzanak, krisi ekologikoari, pobretzeari, eskubide sozialen galerari… aurre egiteko, eta feminismotik, ekologismotik, langileen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarriz, gerraren aurka eginez, bizitza bizigarrien alde eta abar luze bat, denon artean eraikitako eta denontzako trantsizio ekosozial justu bat eraikitzeko. Ekimen honen helburua guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea da”, esan du Karta Sozialak.

Trantsizio ekosozial justurako ardatz nagusiak eta funtsezko aldarrikapenak zeintzuk diren eztabaidatu eta zoru komuna adosteko, eta horren alde modu ahalik eta koordiantuenean eta jarraituenean egiteko agenda sozial partekatuaz aritzeko baliotuko dituzte jardunaldi hauek.


Gehiago