“Su-txikian: Herri mugimenduak bor-borka” dokumentala aurkeztuko du bihar Iruñean Joxemi Zumalabe Fundazioak
“Su txikian: Herri mugimenduak bor-borka” dokumentala eta “PIL-PILEAN: Herri-mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian Ikastaroaren Sistematizazioa (2015-2018)” liburua aurkeztuko du bihar Joxemi Zumalabe Fundazioak Iruñeko katakrak liburudendan arratsaldeko 18.30etan.
2021-ko apirilak 28
Joxemi Zumalabe Fundaziotik herri mugimenduen formazio esperientzia batetik ateratako gogoeta eta ikasketak bildu ditu dokumental eta liburu hauetan. Bertan, besteak beste, esperientzien sistematizazioa zentroan jarri zuten, jakintza eta ikaspenak sortzen dituzten subjektu gisa identifikatzen dituztelako ikastaroko partaideak, eta esperientzien sistematizazioa ardatz, bestelako ikaspen eta ikerketak eraman nahi izan dituzte aurrera herri jakintzen filosofiari garrantzia emanaz.
Lenguai eta analisi desberdinak erabiliz, aurkezpen bira bat antolatu dute Euskal Herri osotik, eta ikaspenak plazaratuko dituzte bi euskarritan. Alde batetik “Su txikian: Herri mugimenduak bor-borka” bideoarekin eta “PIL-PILEAN Herri-mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian Ikastaroaren Sistematizazioa (2015-2018)” liburuarekin bestetik. Ekainaren 19an Ziordian, Amarauna Gune Autogestionatuan, amaiera emanen diote bira honi.
Dokumentala Pil-pilean deituriko formakuntza politikoaren esperientzian oinarritua da, herri jakintzetan oinarrituriko esperientzien sistematizazioa ardatz. Pil-pilean-ek ikastaro formatua izan zuen, bertan herri mugimendu ezberdinetako kideek parte hartu zuten eta bideoan bertako bizipen nahiz ikaspenak biltzen dira 30 minutuko metrajean.
Formakuntza politikoa sustatzea helburua
Jakintza kolektiboki sortzea ardatz, Euskal Herriko herri-mugimenduek elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta saretzeko espazio izan zedin sortu zen 2015. urtean Pil- Pilean ikastaroa. “Formakuntza politiko integrala sustatu nahi genuen: historikoa, teoriko- ideologikoa, metodologikoa, gorputzezkoa, antolaketakoa…; herri-sektoreek pairatzen dituzten zapalkuntza guztiak eta aurrera daramatzaten borroka eta erresistentzia estrategia denak aitortuz”, aipatzen dute Joxemi Zumalabe Fundazioako kideek. “Formakuntza politikorako esperimentu harekin kultura politiko askatzaileagoak pentsatu nahi genituen, gure kultura politikoak izateko eta ekiteko dituen moduak berritzeko ahaleginean sakondu”.
Dokumental honetan, ikastaroko 14 partaide agertzen dira haien esperientzia eta ikasitakoak kontatzen, azpimarratzen, denbora pasatuta ikastaroaren arrastoa erakusten, metodologia eta bizipenetatik ikasteak duen garrantzia azaltzen.