STOP ZUNDAKETAK- AHTRIK EZ! ekimenak ohartarazi du zundaketa geologikoen hasiera berehalakoa izango dela

STOP AHT Zundaketak - AHTrik EZ ekimenetik ohartarazi dute, AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekiko lotunea erabakitzeko zundaketa geologikoen hasiera berehalakoa izango dela

2025-ko uztailak 31

Ekimenak azaldu du, duela bi aste Jose Antonio Santanok, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren estatu-idazkariak, hedabideei adierazi ziela, AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekiko lotunea erabakitzeko zundaketa geologikoen hasiera berehalakoa izango dela. Adierazpen horretan, Gipuzkoan sei zundaketa eta Nafarroan batekin hasiko zirela zehaztu zuen, guztiak Ezkiorekin lotzeko Aralar mendigunea zeharkatuko lukeen alternatibakoak.


Bestalde, Ataungo alkateak adierazi zuen Gipuzkoako zundaketetako bi behintzat udal horretako lurretan izango direla, ADIFek udal horretara jo bait du baimenak lortzeko. Nafarroari dagokionez, azken hilabeteetan ADIFek Lakuntzako eta Bakaikuko udalei dagozkien baimenak eskatu dizkie.


Gauzak horrela, STOP ZUNDAKETAK-AHTRIK EZ! ekimenak udalei eta lur jabeei dei egin die administrazio zentralaren baimen-eskakizunen berri eman dezaten eta beren esku dauden legezko oztopo guztiak jar ditzaten lanen hasiera eragozteko. Era berean, Goierriko eta Sakanako biztanleei adi egoteko eskatu die, eta STOP ZUNDAKETAK-AHTRIK EZ! ekimenari (tel.: 656711130) eta zonaldeko udalari edozein mugimendu susmagarriren berri emateko. Azaldu dutenez, oso litekeena bait da udako oporraldia erabiltzea lanak hasteko.


Bukatzeko, zundaketak, AHTaren obretako lehen urratsa direla jakinda, ekimenak oposizioari dei egin dio erabakitasunez erantzun diezaiola datozen egunetan zundaketen aurkako larrialdi-protokoloaren
balizko aktibazio bati.

Gehiago