STEILASek PAI ereduari buruz Hezkuntzak martxan jarriko duen prozesu partehartzailea salatu du

Gaur, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrean elkartu da STEILAS sindikatuak PAIren inguruan martxan jarritako prozesu partehartzailea kritikatuz eta hezkuntza eredu honek sortzen duen prekarietatea salatzeko.

2022-ko irailak 15

Hezkuntza Departamentuak PAIren inguruan antolatu duen parte-hartze prozesu berria salatu du STEILAS sindikatuak. “Departamentuak behin baino gehiagotan erabili du metodologia hori, eta bertan, itxuraz, sindikatuen, zuzendari elkarteen, familia elkarteen federazioen eta abarren iritzia jasotzen da, ondoren araudi berria ezartzen lagunduko duten ideia batzuk adosteko”.

Estrategia hori Eskolatzeari buruzko Foru Dekretua argitaratu aurretik erabili zela gogoratu du sindikatuak, eta kritikatu du ondoren ez zirela ezagutu parte-hartze prozesuaren ondorioak. “Horrela, egiaztatzen dugu parte hartzea erabiltzen duen eta adostasuna simulatzen duen prozedura dela, Departamentuaren aldebakarreko neurriei itxura demokratikoa eta negoziatua emateko. Hori gutxi balitz, Hezkuntza Publikoaren mahai sektoriala edukiz husten da, bertan gai horiek sindikatuekin negoziatu beharko liratekeelako”.

PAI eredua murgiltze programa bat bezala aurkezten bada ere, curriculum osoa ingelesez ematen ez dela gogoratu du STEILASek, eta gainera ingelesez ematen diren irakasgaien maila akademikoaren beherakada kezkagarria ematen dela gogora ekarri nahi izan dute, eta honen inguruan eztabaidatuko dela zalantzak dituzte.

“Era berean, erabat baztertzen da euskarazko murgiltzea edo hizkuntza hori ikasgai gisa ikastea. Gogora dezagun Nafarroako ikasleen % 60 euskara ikastetik kanpo dagoela, eta Nafarroako hizkuntza berekian ikasketak zabaltzeari buruzko hezkuntza ituna ere ez dela betetzen”.

Langileak, prekarioak

Alde batera uzten den beste alderdi bat da PAIk plantilletan duen eragina, STEILASen hitzetan. “Programa ezarri zenetik, pertsona askok lanpostua galdu edo espezialitatez aldatu behar izan dute. Era berean, PAI lanpostu batean behin betiko destinoa lortzen duten irakasle funtzionario asko ingeleseko hizkuntza-eskakizunik gabeko plaza batera lekualdatzen dira. Argi dago PAIk ezegonkortasuna sorten duela, eta bilatu den konponbidea, PAIren Legea, lardaskeria juridikoa dela, irakasleen foru sasikidego bat sortzen duena, Estatuko kidegoarekin batera, bere jarduera ikastetxe beretan garatuko duena, eta lege ondorio larriak ekar ditzake”.

Gehiago