STEILASek errekurtsoa jarri dio eskola jardunaldia arautzen duen Foru Aginduari

STEILASek errekurtsoa jartzea erabaki du Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eskola-jardunaldi motak arautzen dituen Foru Aginduaren aurka. Izan ere, bertan jasotzen diren zenbait punturekin "desadostasun handiak" ditu sindikatuak eta uste du Hezkuntza Departamentua "azpikeriaz eta agian legez kanpo" jokatzen ari dela.

2023-ko abenduak 15

STEILAS sindikatuak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren jarrera salatu du. Izan ere, sindikatuak gogoratu duenez, urte hauetan errepikatu du jardunaldi jarraia eta malgua ezartzeko orain arte eskatutako gehiengo kualifikatuak berrikusiko lituzketela, baita familien bozketen emaitza zentroko errolda osoari lotuta egoteko irizpidea ere, eta ez emandako benetako botoei. “Bozketa horiek zeuden bezala mantentzeaz gain, LOMLOE nahieran interpretatzen du, bozketa berezia familietara zabaltzean”, esan du STEILASek.

Sindikatu honen iritziz, bozketen ordena aldatzean (lehenik familiak, gero Eskola Kontseilua) “Eskola Kontseiluari ebasten ari zaio erabakitzeko eskumena prozesua aurretik bukatzen den kasuetan, ikastetxeko organo gorena baita”.

Irakasleei erabakitzeko ahalmena ere kentzen zaiola salatu du STEILASek. “LOMLOEren 129. artikuluan jasotzen denez, irakasleen eskumena, besteak beste, “onestea eta ebaluatzea curriculumaren zehaztapena eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza-alderdi guztiak.” Ordutegi aldaketa ikastetxeko proiektu bat da, noski; orain arte klaustroko bozketa loteslea zen, eta prozesuaren hasieran kontsultatzen zitzaien irakasleei. Foru agindu honen bidez klaustroa gutxiesten da”, dio sindikatuak.

Departamentuak Foru Agindu hau baliatzen du ikastetxeetako eskola ordutegia aldatzeko, eta aukera ematen die ikastetxe publikoei “seigarren ordua” deiturikoa emateko. “Neurri hori oso eztabaidagarria izan da ezarri den erkidegoetan eta gerora kendu dute, eta inon ez dago informaziorik horren premiari edo komenigarritasunari buruz”, dio sindikatuak. “Murrizketa argia da”, salatzen du.

“Urteak daramatzagu zama burokratikoa eta programa berriak gehitzen, eta prestakuntza ordu gehiago izateko ratioak edo irakaskuntza zuzeneko orduak murriztu beharrean, horiek handitzeko baliatzen dute foru agindu hau. Ustez, familientzako kontziliazioa hobetzen saiatzen dira, baina hutsaren trukean eta baliabiderik jarri gabe”, iritzio dio STEILASek.

Sindikatuaren hitzetan, udalen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza eredu bat ezarri behar da kontziliazio neurriak hobetzeko eta ikasleen ekitatea eta bazterkeriarik eza lortzeko. STEILASek proposatzen du arratsaldeetan curriculuma aberasteko jarduerak ematea eta kirol, arte, zientzia eta teknika, ingurumen edo gaitasun zibikoak lantzea. “Azken batean, hezkuntza ez-formaleko jardueretan ekitatea bermatzea eta eskola denborak eskolaz kanpoko jarduera publiko, unibertsal eta doakoekin doitzea”.

Gehiago