Sortzenek salatu du hezkuntzan dauden garraio arazoak eta Gimenoren negoziaziorako interes falta
Sortzen elkarteak agerraldi bat egin du gaur Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrean eskola garraioaren inguruan sortzen ari diren arazoen harira, eta Carlos Gimenok zuzentzen duen departamentuak negoziaziorako duen prestutasun falta salatzeko. Sortzenek salatu duenez, Gimenok ez du kontutan hartzen familien iritzia.
2021-ko abenduak 14
Gaur egun dugun eskola publikoa ez da parte-hartzailea, eta hezkuntza-komunitateari ez zaio aukerarik ematen egunerokoan sortzen diren arazo gehienen inguruan erabakitzeko. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea errazten duen gunea beharko luke eskola publikoak, non beste batzuen artean, irakasleek, ikasleek, familiek, Udalak eta Hezkuntza Departamentuak parte hartzen duten; hori guztia beharrezkoa da kalitatezko hezkuntza bermatzeko eta ahalegin partekatua eskatzen du ezinbestean. Egun Gimeno kontseilaria da, nahi duen bezala murriztu, egin eta desegiten duena, inork ezer egin ezin dezakeela: ez sindikatuek, ez zuzendaritza-taldeek, ez APYMA elkarteek, ez gurasoen federazioek. Inork ez.
Kontrakoa esaten badu ere, badirudi kontseilariari ez zaiola negoziatzea gustatzen, informatzera mugatzen baita. Era berean, entzutea ere ez duela gustuko esan dezakegu, entzungor egiten baitu hainbat erakundek -guraso elkarteek esterako- Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera garatzeko prebentzio- eta antolaketa-protokoloak sortutako arazoen aurrean aurkeztu edo proposatu nahi izan dizkioten konponbide ezberdinekin. Proposamen horien erantzun gehienetan, ezezkoak denak, alderdi ekonomikoetan oinarritzen da, egindako ekarpenetako bat bera ere kontuan ez hartzeko.
Sortzenen ustez, hori ez da aitzakia hezkuntza-komunitateari eta, bereziki, ikasleei kalitatezko zerbitzu bat emateko, are gehiago, inongo momentuan ez da ikasleria hezkuntza-jardueraren ardatza izan, eta ez zaie ezer kontsultatu ere egin, soilik beste batzuek erabakitzen dutenari men egitera behartu zaie: “orain ez dago aurrez aurreko eskolarik, orain bai; orain ez dago jantoki-zerbitzurik, orain bai; orain, burbuila-talde batekoak dira, orain ez du axola burbuila apurtzea; orain hezkuntza-proiektu baten parte ez diren eskolaz kanpoko jarduera batzuk egin behar dituzte; orain, autobusa 15:15ean itzuliko da, gero 16:30ean edo 17:00etan, eta abar”.
Sortutako arazoen aurrean APYMA batzuek benetako konponbideak aurkeztu dituzte Hezkuntza Departamentuan. Garraioaren aferarekin esaterako, ikastetxeko familia guztien egoera jakiteko inkesta ezberdinak egin dituzte, garraioa behar bezala antolatu dute ikasle guztiak -eskolaz kanpoko jarduerak egin edo ez- etxera hobekien datorkien ordutegian itzul daitezen -15:15ean edo 16:30ean- autobus kopuru bera mantenduz. Nolanahi ere, erantzuna ezezkoa izan da beti, eta Hezkuntza Departamentuak erantzun hau oinarritzen du bai ekonomian bai 83/2021 Foru Aginduan, irailaren 8koan, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021/2022 ikasturtean. Guk Gimeno kontseilariari gogorarazi nahiko genioke -ahaztua duela ematen baitu- 315/2021 Ebazpenak, abuztuaren 26koak, 2021/2022 ikasturtean eskolako garraio-zerbitzuaren antolamendurako eta funtzionamendurako jarraibideak onartzen dituenak, 4. puntuan, eskola-garraioaren plangintza udalekin eta ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin batera antolatzeari buruz hitz egiten duela.
Sortzenetik eskatzen dugu aurrekontuak onartu eta hezkuntzari dagokion partida handituko dela dirudien honetan, sor daitezkeen arazoei aurrea hartzeko aukera kontuan hartzea, hau da, eskolaz kanpoko jardueretarako, jantokietarako, garraiorako eta abar.
Hezkuntzara bideratutako diruaren zati bat gordetzea familien eskuuzten dituen eta familien arteko liskarrak eragiten dituen arazoak modu egokian saihesteko.
Horregatik guztiagatik, Sortzenen urte asko daramatzagu hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko lanean, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea eta lankidetza bermatuko duena, ikasleei gaitasuna eta zentraltasuna emango diena eta ikastetxeen antolaketa- prozesuan parte hartuko duena. Laburbilduz, eskola publikoaren beste eredu bat behar dugu.
Testu honekin bat egin nahi dugu NIZEk Hezkuntza Departamentuari gai honen inguruan mahaigaineratu zizkion proposamenekin. Gainera, gai hori ez dagokio Hezkuntza Departamentuari bakarrik, Ingurumen eta Ekonomia Departamentuari ere deia egin nahi diogu, bidali diren proposamenekin iraunkortasunaz eta berotegi-efektuko gasen isurketaz hitz egin baitezakegu.