Sortuk Indar Gorriko atxilotuen berehalako askatasuna eskatu du

Atzoko atxiloketak Osasunaren ondarea xahutzeko egon den "sare klientelar ustela" estaltzeko saiakera bat gehiago dela adierazi du Sortuk.

2016-ko otsailak 2

Sortuk Indar Gorri Peña kriminalizatzen ari dela salatu du, oraindik ekinbide judizialak sekretupean daudenean “oihartzun mediatiko izugarria izaten ari den epaiketa paralelo bat” egiten ari dela gaineratuz. Atxiloketa 48 ordu baino gehiago luzatzea “onartezina” dela adierazi du eta eskubide urraketa hauen ardura nagusia Fermin Otamendi epailearena dela nabarmendu.

Sorturen ustez atzoko sarekadak lotura zuzena du azkenaldian Sadar futbol zelaian Indar Gorriko jarraitzaileek jasaten ari diren eraso egoerarekin. “Mozal Legea bera baliatuz, Liga zein Osasunaren zuzendaritzak berak adierazpen askatasunerako aukera oro murrizten ari dira”.

Sarekadaren bultzada politikoa
Atzoko atxiloketak Osasunaren ondarea xahutzeko egon den sare klientelar ustela estaltzeko saiakera bat gehiago da Sorturen hitzetan. “Izko UPNren morroia zen Osasunan eta egiaztatu da urteetan BEZaren iruzur handia egin dela UPNk beste alde batera begiratzen zuen bitartean“.

“Aldaketak alfonbrak altxatzea ekarri behar du, eta bistan da Erregimena sustengatu zuten botereak beraien esku dauden tresna guztiak erabiliko dituztela Nafarroako jendarteak jakin ez dezan Osasuna eta Nafarroako Ogasuna nortzuk xahutu duten”.

Azkenik, Sortuk gogor salatu ditu atzo arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean Polizia Nazionalak egin zuen karga. “Atxiloketak eta eskubide urraketak gertatzen ari direnean, urraketa horiek salatu eta geldiarazi nahi dituztenak erasotzea guztiz bidegabea da. Utz diezaiola behingoz Alba andereak Nafarroako elkarbizitzan esku hartzeari”.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bere aldetik, ” faxistek
ezkerzaleen eta independentisten aurkako mehatxuak nonahi botatzeko mugarik aurkitzen ez duten bitartean, ezkerreko mugimenduak etengabeko jazarpena pairatzen” ari direla salatu du. Atxilotuei elkartasuna, beraien askatasuna galdegin eta indar okupatzaileak Euskal Herritik alde egin dezaten aldarrikatu du.

Gehiago