Sortu: “Espainiara begira jarraitzeak langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaitu”

Aberri Egunaren bezperan, Sortuk "Independentzia vs. langabezia eta prekarietatea" izeneko txostena kaleratu du, eta bertan aztertu nahi izan dute Espainiara begira jarraitzeak zer nolako ondorioak dituen. Sorturen ustez, menpekotasun horrek "industria-basamortura eta langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaitu".

2016-ko martxoak 21

Nahiz eta gure egitura ekonomikoak Alemaniakoaren antz handiagoa izan, Espainiakoaren bide bera jarraitu duela azpimarratu du Sortuk. Ezker independentistaren alderdiaren esanetan, industrian ia herena izatetik, laurdenera ez iristera pasa da Euskal Herria 7 urtetan eta  75.000 lanpostutik gora suntsitu dira. “Prekarietatea nagusi den zerbitzuetan gora egin dugu. Industrian, batez beste, zerbitzuetan baino 6.500 euro gehiago irabazten dira”, esan du Jone Etxeberria Sortuko kideak.

“Espainiara lotuta jarraitzeak langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaitu”

Sortuk Esatuan garatu diren azken lan-erreformek langabezia eta prekarietate haunditzea eragin dutela salatu du. Gaur egun 199.651 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian. 2 langabetutatik 1ek 2 urte baino gehiago daramatza langabezian. Prekarietatea jendarte osora hedatu da, baina bereziki emakumeen artean: lan partzialetan % 80 emakumeak dira eta lan partzialen % 60 gogoz kontrakoa da.
Gazteen egoera ere gogora ekarri du Sortuk. “Gure herriaren etorkizuna bahitzen ari zaizkigu: gure gazteek formakuntza europarra jasotzen badute ere, enplegu espainiarra eskaintzen zaie, hau da, langabezia eta prekarietatea, kasu askotan atzerrira joatea, 75.000tik gora 2008tik”.

“Krisia erabiltzen ari dira aberatsak geroz eta aberatsago eta pobreak geroz eta pobreagoak bihurtzeko eta, beraz, Espainiara begira jarraitzeak industria-basamortura kondenatzen gaitu eta Espainiara lotuta jarraitzeak langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaitu”, iritzi dio Sortuk.

Gehiago