“Sorioneku”, euskarazko testurik zaharrena aurkitu dute Irulegin, Nafarroako Aranguren ibarrean

Irulegiko eskua aurkitu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Arangurengo Irulegiko baskoien herrixkan. Kristo aurreko lehenengo mendeko inskripzioa da. Eskuin esku baten forma du, brontzezkoa da eta lau lerroko inskripzio bat dauka. Lehen hitzak zuzenean lotzen du gaurko euskararekin: sorioneku.

2022-ko azaroak 14

Aranzadi Zientzia Elkarteak Aranguren ibarreko Irulegiko aztarnategian berreskuratutako “aurkikuntza garrantzitsua” aurkeztu du: Irulegiko eskua. Brontzezko pieza txiki bat da, zeinetan euskarazko hitzak ageri diren. “Zalantzarik gabe” euskara, baskoien hizkuntza, Iruñerrian konkatzen du aurkikuntzak. Sorioneku hitzarekin abiatzen da eskuan ageri den testua.

Inskripzioa, brontzezko pieza bat, kristo aurreko lehenengo mendekoa, eta antzinako baskoien alfabetatzea berresten du, signario paleohispanikoaren aldaera batetik eratorritako sistema grafiko propio batekin.

Gongorako Zarra jauregian egin dute aurkezpena. Maria Txibite Nafarroako presidentea, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria, Manolo Romero Arangurengo alkatea, Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendaria eta Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria izan dira beran.

Arangurengo Irulegi mendia aztertzen ari zirela (Nafarroa), esku baten itxurako pieza berezi bat topatu zuten, Kristo aurreko I. mendekoa. Ahurrean idatzirik darama hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena. Lau lerro ditu: lehen hitza sorioneku gisa transkribatu dute, eta ondorengo guztiek ez dute inolako antzik gaur egungo euskararekin. Aurkikuntzak frogatu du inguru horretako herritarrek baskonikoz hitz egiten zutela garai hartan, eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela.

Aranzadi 2007an hasi zen Irulegiko ingurua aztertzen. Mendiaren gailurreko gaztelua ikertu zuten lehenik (2007-2017), eta, 2018az geroztik, talde batek gaztelua baino beherago dagoen Burdin Aroko herria aztertu du, Mattin Aiestaran arkeologoak gidatuta, EHUko doktore tesi baten barruan. Arangurengo Udalak hasieratik diruz lagundu du ikerketa, eta Nafarroako Gobernuak ere bai, azken lau urteetan. Ume baten gorpuzkiak aurkitu zituzten orain dela bi urte.

2020. urtetik hona, 370 metro karratuko eremu bat induskatu dute, eta antzinako herri horretako bi etxe eta kale bat bistaratu dituzte. Burdin Aroaren amaiera aldekoak dira, K.a. I. mendearen lehen laurdenekoak. Garai hartako herritarren zoritxarra gaurko ikerlarien zorte ona da: Sertorioren gerra betean, herriari eraso egin zioten eta erre egin zuten; hortaz, inguru guztia lurpean «izoztuta» geratu da bi mila urtean, Aiestaranek azaldu duenez. Hori ondorioztatu dute karbono-14 probak egin eta gero, eta inguruan aurkitutako material guztia kontuan izanda: biztanleek dena etxean utzita ihes egin behar izan zutelako topatu dituzte hainbeste gauza.

«Ezohiko egoera horrek ezohiko pieza bat ekarri digu»: Irulegiko eskua. 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, eta beste piezekin batera entregatu, uztailaren 13an. Indusketa bideoan grabatu zuten, eta piezaren kokapen topografikoa zehaztu, gainontzeko material guztiarekin egin bezalaxe. Hala ere, 2022ko urtarrilaren 18ra arte ez zuten jakin piezak idazkunik zuenik. Egun hartan, Carmen Usuak, Nafarroako Gobernuarentzat lan egiten duen zaharberritzaile batek, letra batzuk atzeman zituen eskuan idatzita. Ordutik, arkeologo, geologo, zaharberritzaile, kimikari, epigrafista eta hizkuntzalari talde batek aztertu du pieza.

Nolakoa da eskua?
Pieza bera brontzezkoa da, eta haren patinaren %53 eztainua da, %41 kobrea eta %2 beruna; gauza ohikoa antzinako aleazioetan, Aranzadiren esanetan. Eskuineko esku baten itxura du, tamaina naturalekoa. Esku-ahurraren eremua laua da, eta azazkalak markatuta ditu, nahiz eta hiru hatzetakoak ez diren ondo kontserbatu —eraztun-hatzekoa, hatz luzekoa eta erakuslekoa—.

Hatzak behera begira ditu eskuak, goialdean, eskumuturrari dagokion inguruan, sei milimetro eta erdiko diametroa duen zulo bat duelako. Zuloaren ingurua aztertuta, jakin dute pieza ez zegoela zintzilik, baizik eta euskarri bigun batean iltzatuta; seguruenik, egurrean. 143 milimetroko altuera du, milimetro bateko lodiera eta 128ko zabalera, eta 36 gramo pisatzen du.

«Bertakoen mundua»
Piezaren «autopsiak» bi bileratan egin zituzten, Nafarroako Gobernuaren gordailu arkeologikoan. Lehenengoa Javier Velazarekin egin zuten, eta bigarrena, Joakin Gorrotxategirekin. Velaza Filologia Klasikoan doktorea da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Latin Filologiako katedraduna. Aditua da Iberiar penintsulako erromatarren aurreko hizkuntzetan, besteak beste. Gorrotxategi ere doktorea da Filologia Klasikoan, eta EHUko Indoeuropar Linguistikako katedraduna. Euskararen historian espezializatutako hizkuntzalarien artean prestigio handikoa da.

Bi ikerlariek testuaren irakurketa adostu zuten, eta hura aztertzeari ekin zioten. Haiek adierazi zuten, hasteko, «signario paleohispanikoan» dagoela, hau da, zeinuak erromatarren iritsiera baino lehenagokoak direla, eta, horiek ondo aztertu ondoren, ondorioztatu zuten hizkuntza baskonikoan zegoela idatzita. «Aparteko aurkikuntza bat da, erromatarren aurreko mundura garamatzalako», azaldu du Gorrotxategik. «Pieza horrek jasotzen du bertakoen hizkuntza, bertakoen idazkera eta bertakoen mundua: garai hartakoa».

Zirrara eragin dio Velazari ere: «Dokumentu harrigarria da. Ez dago zalantzarik: hizkuntza baskonikoan idatzitako lehenengoa da, signario baskoniko espezifikoan». Hori esan dute, batetik, sistema horrek bereizgarri batzuk dituelako —T itxurako zeinu bat, esaterako; oraindik ez dakite zer fonemari dagokion, baina ez zegoen horrelakorik sistema iberikoan—, eta, bestetik, lehenengo hitzak pista garbi bat eman zielako «ustekabean»: sorioneku.

Hitz horrek begi bistako lotura du gaurko euskararekin, baina oraindik ez dituzte ulertu haren atzetik datozenak. Konparazio baterako, bigarren lerroko hitza honela transkribatu dute: tenekebeekiratere[n].

Hortaz, ez dakite testu osoak zer esanahi duen, baina sorioneku horrek, eskuaren sinbologiak eta dekorazioaren testuinguruak —etxe atarian zegoen— aditzera eman diete etxekoei edo bisitariei zoriona opatzeko eta zoritxarra uxatzeko objektu bat zela; objektu apotropaiko bat, bestela esanda.

Ikur multzo propio bat
Aurkikuntzak orain arte ezagutzen ez zen informazioa argitu du, bi gauza baieztatzen dituelako nagusiki. Batetik, lurralde horretan hizkuntza baskonikoa erabiltzen zutela K.a. I. mendearen hasieran; bestetik, inguru horretan bazegoela sistema grafiko espezifiko bat, signario iberikoaren aldaera bat zena, baina bazituena ezaugarri propio batzuk: signario baskonikoa.

Testurik luzeena da orain arte hizkuntza baskonikoan agertu direnen artean. Izan ere, aurkitu izan dituzte zeinu baskonikoak txanponetan, eta pieza batzuetako idazkiak baskonikoak ote diren eztabaidatzen ari dira oraindik —Andeloseko mosaikoa, Arangurengo brontzea eta Erriberriko harri gaineko inskripzio bat—. Nahiz eta orain arte ez den material askorik aurkitu, Irulegiko eskuak erakutsi du, behintzat, antzinako baskoiek idatzi egiten zutela, alfabetatuta zeudela, eta ez zirela idazten hasi latindar alfabetoan, erromatarren bidez.

Zientzialariek beste alderdi batzuk ere nabarmendu dituzte: euskarriaren itxurak —eskuin esku iltzatu bat, hatzak behera begira daudela— lotura bat duela Ebroren haraneko mundu kultural iberikoarekin, eta idazkuna egiteko erabilitako teknika berezia dela, letrei marrak egin zizkietelako lehenengo, eta marren gainean puntuak zulatu, ondoren.

Informazio horrek guztiak bide bat ireki du antzinako baskoien kulturari buruzko ideiak birpentsatzeko, eta kultura horren eta kultura iberikoaren arteko harremana aztertzen jarraitzeko. Zoriona bikoitza da, beraz: atzo baino gehiago ezagutzearena, eta oraindik ezagutzeko dagoen guztia imajinatzearena.

Baskoien lurraldea
Neurri handi batean, erromatarrek idatzitako dokumentuen bidez jakin dute garai hartako egoeraren berri. Sertorioren gerra K.a. 81. urtearen eta K.a. 72. urtearen artean gertatu zen, eta erromatarrak orduan iritsi ziren Iruñe ingurura eta Pirinioaurrera; apur bat lehenago, Ebroko haranera.

Urte haietan, Ponpeio baskoien lurretan finkatu zen, eta bere izena zeraman Pompaelo hiria sortu zuen, lehendik existitzen zen Iruñea herri baskoiaren gainean.

Erromatarrek baskoi deitu zioten garai hartan Nafarroa Garaian, Gipuzkoaren ipar-ekialdean, Errioxan eta Aragoi iparraldean bizi zirenen tribuari. Gaur egungo euskaldunen arbasotzat jo izan dira.

Gehiago