“Solo en euskera… no entendemos. Manzanas traigo… Archivamos”

Foruzaingoko komunikazio taldearen euskaldunen aurkako tratu iraingarria salatu du Behatokiak.

2025-ko urriak 9

Duela egun batzuk, Euskararen Telefonoan erregistratutako kexa bat helarazi zuen Behatokiak Nafarroako Foruzaingora, sare sozialetako euskararen erabilera traketsari buruzko kexa izanik, komunikazio taldera bideratu zuten baina ondorengo erantzuna jaso zuen Behatokiak komunikazio talde horren email korporatibotik:
«Nos gustaría recibir esta comunicación también en castellano, con el fin de poder entenderla y contestarla. Es incomprensible cómo no se utilizan las dos lenguas oficiales de Navarra.»


Behatokiak euskara erabiltzeko eskubidean oinarrituaz, Foruzaingoak dituen betebeharrak gogorarazteko mezua bidali zion, eta urriaren 3an Foruzaingoak “Manzanas traigo” erantzun zion mezuari, espedientea artxibatuz.
«Expediente inicial solo en euskera, contestación a nuestro requerimiento solo en euskera… no entendemos. Manzanas traigo… Archivamos.»

“Erabat onartezina da Foruzaingoak, Nafarroako erakunde publiko batek eta bertako langile publikoek, Nafarroako hizkuntza den euskararen eta herritar euskaldunen gutxiespena eta mespretxua adieraztea”, salatu du Behatokiak. “Are larriagoa da, gainera, jasotako arretaz kexu diren herritarrei eta erakundeei horrelako lotsagabekeria eta inpunitatearekin erantzutea”, gehitu du euskararen aldeko eragile honek.

Aipatu dutenez, ez da Behatokiak jasotako lehenengo kexa Foruzaingoan euskaraz zerbitzua emateko gai ez izan eta euskararen ezagutza duen langilerik ez izateagatik.

“Herritarrei zor zaien administrazio publikoaz ari gara, herritarrei laguntzea helburu duten langile publikoez, herritarren integritatea, segurtasuna edo ongizatea tartean egon daitezkeelarik gainera”, argudiatu dute. Errespetu falta honengatik erantzukizunak eskatu ditu behatokiak. “Erantzukizunak eskatzen ditugu, Nafarroako berezko hizkuntza eta bere hiztunekiko mespretxuzko tratu honi berehalako soluzioa ematea”, eta langile publikoak euskara jakitea beharrezkoa dela azpimarratu du Behatokiak.

Bukatzeko, Behatokiak herritarrei dei egiten die euskarazko zerbitzua jasotzeko arazoak dituzten edo gaztelania erabiltzera behartuak diren kasuak salatzera, www.euskararentelefonoa.eus webgunean edo 948 146 172 telefonoan.

Gehiago