Soldata hobetzetik haratago doazen lan baldintza duinak exijitzen segitzen dute villavesetako langileek

Langileen gehiengoak hala erabakita lanuzte egutegiarekin aurrera segitzen dute: urriaren 23, 24, 30 eta 31n eta azaroaren 6 eta 7an eginen dituzte lanuzteak 06:00etatik 08:30etara. "Eros ahalmena berreskuratu eta hobekuntzak behar ditugu soldatetan, baina ez hori bakarrik: gutxieneko lan baldintzak ere bermatuak behar ditugu", adierazi du Iruñerriko garraio publikoaren lan batzordeko presidente Alberto Longasek. 

2025-ko urriak 16

Iturria: Euskalerria Irratia

Villavesa gidarien lan batzordeko kideak jakitun dira zortzi hilabete luze irauten duen haien borrokak zenbaterainoko eragina duen erabiltzaileen artean. Baina hori da, diote, modu bakarra, euren lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat eskuratzeko: “Gure mobilizazioek kalte egiten digute guri eta baita milaka erabiltzaileri ere, baina hori da dugun bide bakarra borrokan segitzeko”, adierazi du LAB sindikatuko lan batzordeko kide Laura Molinak. Agerraldi bateratua egin dute gaur lan batzordea osatzen duten LAB, ELA, ATTU, Comisiones Obreras eta UGTk. Argi utzi dute: “Joan den astean aurreakordiotzat jo zuena Moventis TCC enpresak, ez zen hala, bereak egindako proposamena baino ez zen izan”., salatu dute. Enpresak ikusirik lanuzteekin amaitzeko ideiarik ez dagoela oraingoz oharra bidali die langileei mehatxuekin: “Ez dute nahi langileei informaziorik banatzea lanuzte egunetan eta debekatu egin digute zerbitzu minimoetan gabiltzala dioten afixak autobusaren leihoan jartzea”, ohartarazi dute. Enpresa salatu eginen dutela jakinarazi dute euren grebarako eskubidea urratzen ari delakoan. 

Lan-taldearen gehiengoak ez zuen enpresak aurkeztutakoa ontzat jo eta lanuzteekin segitzeko proposamenak lortu zuen babesik gehien. Urriaren 23, 24, 30 eta 31n eta azaroaren 6 eta 7an eginen dituzte lanuzteak 06:00etatik 08:30etara. Ez dira onura ekonomikoak bakarrik bilatzen ari euren osasunaren mesedetarako izanen diren gutxieneko baldintzak txertatu nahi dituzte lan hitzarmenean: “Atsedenaldiak, lan-ordutegiak, lan-txandak eta bestelako neurriak zehaztuak eta hobetuak egon behar dute hitzamenean”, adierazi du ELA sindikatuko lan batzordeko ordezkari Javier Peruk. Horretarako, negoziazio bideak abian jartzea eskatzen ari dira. “Langileen ordezkariak prest gaurde Moventis TCC enpresak duen egoitza nagusira lekualdatzeko, Bartzelonara, eta han egiteko bilerak”, azaldu du Alberto Longas villavesetako langileen batzordeko presidenteak. 

Iruñerriko Mankomunitateari ere eskatu diote bilera: uste dute, nahiz kudeaketa enpresarena den, Mankomunitateak ere badituela ardurak zerbitzuarekiko: bai langileen zenbait baldintza ziurtatzeko, zein, herritarrei ahalik eta zerbitzurik kalitatezkoena emateko ere. Gogoan izan dute atzo izan zutela azken lanuztea: langileen %86ak segitu zuela adierazi dute.

Gehiago