Soldata arrakalaren kontra, gutxieneko soldata propioa aldarrikatu du LABek

Soldata baxuenak dituzten sektoreak feminizatuak eta arrazializatuak daudela salatu du LABek Iruñean eta Bilbon, eta, “injustizia” horrekin amaitzeko, martxoaren 17ko greba orokorrerako deia berretsi du, gutxieneko soldata propio eta duinaren alde.

2026-ko otsailak 20

Azken boladan, instituzioek eta patronalak baikortasun mezuak eman dituzte behin eta berriz soldata arrakalari buruz, eta txikitzen ari dela adierazi. Alabaina, diskurtso horrek talka egiten du errealitatearekin, eta hori salatu du LABek Iruñean eta Bilbon, Soldata Arrakalaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira egindako bi ekintzatan. LABeko hainbat kide feministaz inguratuta, zulo bana irudikatu du LABek lurrean, inposatutako soldata arrakala islatzeko.

Argi mintzatu da Eli Etxeberria LABeko idazkaritza feministako kidea, Iruñean egindako adierazpenetan: “Ez da egia soldata arrakala txikitzen ari dela”. Izan ere, lan munduak guztiz segregatuta jarraitzen duela gogorarazi du, “bai generoaren eta bai jatorriaren arabera”. Etxeberriaren arabera, ez da kasualitatea 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak jasotzen dituzten sektore gehienak feminizatuak eta pertsona migratu eta arrazializatu ugariz osatutakoak izatea. Sektore horietako batzuk ikus zitezkeen, hain justu, Etxeberriaren atzean zegoen panel batean, denak ere hitzarmenean 1.500 euroko gutxieneko soldata baino baxuagoak jasotzen dituztenak: eraikin eta lokalen garbiketa (1.465 eurokoak), kontserberak (1.229 eurokoak), etxeko langileak (1.184 eurokoak)…

Egoera hori datuetara eraman du Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin lankidetzan egindako azterketan, eta, azterketa horretan oinarrituta, Etxeberriak salatu du 1.500 euro baino gutxiago jasotzen duten langileen %67 emakumeak* direla, hirutik bi. Horrez gain, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren azpitik dagoen soldatapeko emakumeen* %47,97k jardunaldi partzialean lan egiten duela ere gogorarazi du.

Sexuaren araberako lan banaketa dago oinarrian, Etxeberriak azaldu duenez: lanak ezberdin baloratzen dira egiten dituena gizona, emakumea, migratua edo gaztea izan, eta hori lan baldintzetan islatzen da. Sektore feminizatuetako soldatak maskulinizatuetakoak baino askoz baxuagoak dira, emakumeek egiten dituzten lanei balioa kentzen zaielako. “Injustizia” horri aurre egiteko oinarrizkoa da gutxieneko soldata propioa, idazkaritza feministako kideak nabarmendu duenez, “gutxieneko bat bermatuko duena”. Neurri horrek, era berean, beste neurri batzuekin lagunduta etorri behar du, LABek gaur defendatu duenez, “sexuaren araberako lan banaketarekin benetan apurtu nahi badugu eta, behingoz, sistema ekonomiko esplotatzailea hankaz gora jarri; hala nola, zor patriarkalaren eta kolonialaren aitortza, lanpostuen berbalorizazio feminista, zaintza sistema publikoa…”

Horiek guztiak aldarrikatzeko eta gutxieneko soldata propioaren beharra erdigunean jartzeko, martxoaren 17ko greba orokorrera batzearen garrantzia azpimarratu du Etxeberriak. Hartara batzeko arrazoiak “soberan” daudela adierazi du, eta grebarako deia berretsi.

Gehiago