Solagurenen aldeko oroigarria ekainaren 24an inauguratuko dute Barañainen

Sakabanaketak 2004ko abenduan eragindako kotxe istripu batean hilik suertatu zen Karmele Solaguren Barañaingo bizilagunaren omenezko oroigarria herrian jartzeko eskaria Karmele Gogoan herri ekimenak bultzatu egin du eta babes zabala jaso du.

2017-ko ekainak 12

Azkenik, Karmele Solaguren sakabanaketaren biktima izan zela gogoratuko duen oroigarri bat izanen da Barañainen. Osotara, 520 bizilagunek datorren ekainaren 24an monolitoaren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko deia egiten dute. Karmele Gogoan ekimenetik Solagureni gertatutakoa aitortza hau “12 urteko atzerapena” datorrela uste badute ere, “etorkizunari begiratzeko ordua” ailegatu dela pentsatzen dute, eta bereziki salatu nahi dute espetxe politika berdina mantentzen dela gaur egun.

“Dispertsio politikaren ondorioz gure bizilagunari eta bera bezalako beste ehundaka bizilagunei gertatutakoaren anbiguotasunik gabeko testigantza argi, iraunkor, zehatz, objektibo eta ukigaia uzteko unea iritsi dela uste dugu. Belaunaldi hauek, datozen belaunaldiek, istripu batek ez zuela Karmele hil jakin dezatela onuragarri eta garrantzitsua iruditzen zaigu. Herri honen historiaren parte bat ezagutu gabe hazi daitezen ez dugu nahi”, esan dute gaur emandako prentsaurrekoan.

Monolitoa, belardi batean jarriko da ekainaren 24an eguerdiko 12:00etan eginen den ekitaldian. Inaugurazio ekitaldiaren ostean, 14:00etan Alaitz eskolan herri bazkaria burutuko dute.

Gehiago