SKOLAE heziketa programaren alde egiteko prest agertu da Nafarroako Hezkuntzako gehiengo sindikala
Skolaeren kontrako "sorgin ehiza" hasi dela diote, Nafarroako Epaitegi Gorenak heziketa programa akats tekniko batengatik bertan behera utzi eta gero. Nafarroako Gobernua kritkatzen dute Skolae beharrezko indarrekin ez ezartzeagatik eta berdintasunean eta askatasunean oinarritutako heziketa baten aldeko apostua egiten dute. Ekainaren 23an kontzentrazio bat eginen dute Iruñean.
2020-ko ekainak 19
Beste behin ere Skolaeren kontrako sorgin ehiza hasi dela aipatzen dute LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT, ESK eta CGT sindikatuek, Nafarroako Hezkuntza arloan gehiago sindikala, hain zuzen ere. Hezkuntza Departamentuak hainbat eskolatan ezarri zuen programa eta orain beste hainbatetan jartzea zen helburua, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiak onartutako erabakia bertan behera utzi du Iruñeko bi ikastetxetako hainbat gurasoek jarritako salaketari men eginez. Horren aurrean, sindikatu hauek ohar bateratu bat kaleratu dute berdintasunaren aurkako erasorik ez dutela onartuko eta Skolae programari euren babes osoa ematen diotela adierazteko.
“Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari ahoa betetzen zaie Skolae programaren defentsarekin, baina benetan ez dute behar adinako indarrik jartzen berau behar bezala ezar dadin. Izan ere, Gobernuak Skolae programa ezarri nahi ez duten eskolak finantzatzen jarraitzen du, haien artean generoagatik segregatzen dutenak ere. Beraz galdegiten dugu benetan lan egin dezan programa hau aurrera ateratzeko”, aipatzen dute sindikatuek zabaldutako oharrean.
Sindikatuek gogoratzen dute aurretik ere Auzitegira deitu zituzten berdintasunaren aldeko programaren erredakzioan aritu zirenak. “Lotsagarria da! Gurasoen eta adingabeen eskubideak urratzen omen ditu programak, hori diote gurasoek. Baina berdintasunaren alde lanik ez egitea eta hezkidetzan oinarritutako curriculuma ez bultzatzea, berdintasunaren aurkako erasoa da eta horrek bai urratzen ditu haur eta nerabeen eskubideak eta oro har jendarte osorenak. Gaurko haurrak biharko helduak izango dira. Eta hezkidetzan, berdintasunean eta askatasunean hazten baditugu, jendarte justuagoa izango dugu”, diote sindikatu hauek.
Nafarroako Gobernuari galdegiten diote epaia errekurri dezan. Eta beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan programak aurrera jarrai dezan. “Esan bezala, Nafarroako Gobernuak eta Hezkuntza Departamentuak dena eman behar dute berdintasunaren alde eta eskuinari aurpegia zuritu ordez, erasoei aurre egin eta hezkidetzan eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza inklusiboaren aldeko apustu garbia egin”.
Bestetik, Nafarroako botere judizial, mediatiko eta politiko “erreakzionarioei aurre egitea” ezinbestekoa jotzen dute, eta Nafarroako Gobernuak “irmoki salatu behar ditu eskuin muturraren erasoak”, uste dute Hezkuntzako sindikatuek. “Argi dago PSN egiten ari dena ez dela nahikoa. Saria jasotzera joan ziren, baina Skolae programaren benetako defentsa egitea eta adieraztea falta” dela pentsatzen dute.