Sindikatuek herritarrak urriaren 15eko lanuzte orokorra egiteko eta kaleak hartzeko deitu dituzte
UGT, CCOO, LAB, ESK, STEILAS, CGT, EHNE eta HIRU sindikatuek urriaren 15erako hiru orduko lanuzteak erregistratu dituzte Palestinaren aldeko "borroka, mobilizazio eta batzarrak egin daitezen". Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelekin edozein harreman eteteko eskaera egin dute. "Genozidioa gelditzea lortu behar dugu", adierazi dute agerraldi bateratu batean.
2025-ko urriak 6
Iturria: Euskalerria Irratia
Urriaren 15a “borroka, mobilizazio eta batzar eguna” izanen dela nabarmendu dute UGT, Comisiones Obreras, LAB, ESK, STeilas, EHNE, CGT eta Hiru sindikatuek. Stop Genozidioa. Langileok Palestinarekin leloa jarri diote greba orokorreko kutsua izanen duena egunari. “Egun horrek lanuzte eta mobilizazio orokor izaera hartuko du”, adierazi du LAB sindikatuko Nafarroako arduradun Imanol Karrerak. Bi ideia nagusirekin langileak kalera atera daitezen eskatu dute: Palestinarekiko elkartasuna adierazi eta Israelekin dauden harreman oro etetea galdegingo dugu”, nabarmendu dute. Europako Batzordeari eskatu diote onar dezala Israel Gazan egiten ari dena genozidioa dela eta bere osotasunean hautsi ditzala salerosketa harremanak: “Zilegitasun guztia hankaz gora jartzen du genozidioa, gerra-krimenak eta nazioarteko legedia etengabe urratzen dutenekin hartu emanetan aritzea”, salatu dute.

“Herritarrak ari dira kalean erakusten basakeriari amaiera emateko beharra dagoela berehala” eta urriaren 15eko lanuzteekin ere erakutsiko dugu ezinbestekoa dela genozidioarekin berehala amaitzea”, azaldu dute. Hartara, “bidegabekeriaren” aurrean besoak gurutzaturik ez geratzeko deia egin dute gaur sindikatuek. “Langile guztion parte-hartze aktiboa bilatzen ari gara borroka egun horretarako: elkarretaratzeak egin ditzatela lantokietan”, azaldu dute.
Iruñean, 11:00etan, Bideko Ama Ospitaletik abiatuko da martxa bat Golem zinematokietaraino eta hortik, 12:30etan manifestazioa aterako da Antoniutti parkeraino. Arratsaldean, 19:00etan, Gazteluko plazatik abiatuko den beste manifestazio bat eginen da. Parte hartze masiboa ahalbidetzeko, sindikatuek erregistratu dute lan txanda bakoitzean hiru orduko lanuzteak eginen dituztela.
