Sindikatuek euskara eta hizkuntz eskubideen aldeko maiatzaren 7ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute
ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitutako manifestazioarekin, eta bertan parte hartzeko deia egin dute. Lau sindikatuek deitoratu dute Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen Merezimenduen Dekretu berriari egindako ekarpenei muzin egin izana, eta eskubideen urraketak betikotuko direla ohartarazi dute. Azkenik, euskararen ofizialtasuna Nafarroako herrialde osora hedatzeko eskatu dute.
2022-ko apirilak 7
Iruñeko Katakrak aretoan egindako agerraldian Nafarroako ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkari Imanol Pascualek, Imanol Karrerak eta Ixabel Artiedak, Maitane Urabaienek eta Xabier Barberrek, eta Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko prestatzen ari den Merezimenduen Dekretua izan zuten hizpide. Dekretuaren inguruan hitz egin aurretik, lau sindikatuetako ordezkariek adierazi zuten bat egiten dutela Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitu duen mobilizazioarekin. Izan ere, sindikatuetako ordezkarien arabera herritarrak ez gutxiesteko eta nafar guztien eskubideak bermatzeko politikak behar dira. Horrela, Gobernua prestatzen ari den dekretuak kontrako norantza hartu duela azaldu zuten.
Horrexegatik, hain zuzen ere, herritarrei dei egin diete eskubideen alde mobilizatzeko. “Gutxiespen gehiago ezin onar daitekeela” lau haizeetara zabaldu behar delako, bai eta “herritar guztiei eskubide berdinak bermatzen lagunduko dien dekretua behar dela ere”.
Atzerapausoak eta gutxiespena
Sindikatuetako ordezkariak oso kritiko agertu ziren Gobernuak aurkeztu duen zirriborro-proposamenarekin. Horrela, ELAko ordezkariak azaldu zuen euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, Foru Erkidego osoan hartu behar dela kontuan. “Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak”, adierazi zuen. Horretaz gain, gogoratu zuen, Nafarroako eskuinak onartutako 2009ko Dekretua bera ere dekretu berriak baino onespen eskuzabalago batetik abiatzen zen eremu misto delakoan.
Horretaz gain, Imanol Pascual ELAko ordezkariaren arabera, dekretuak ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, hau da, Foru Komunitate osoa jardun-eremutzat duten eta 2017ko Dekretuak modu bereizian arautzen zituen zerbitzuak. Kenduz gero, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera.
LABeko ordezkari Imanol Karrerak eta Ixabel Artiedak azaldu zuten “ez dagoela arrazoirik herritarren hizkuntza-eskubideak irizpide geografikoen mende egoteko, ez dago justifikaziorik eremu mistoan eta eremu ez-euskaldun deiturikoan hizkuntz eskubideak ezberdinak izateko edo, zuzenean, ez existitzeko”. LABeko ordezkarien arabera, eremu mistoko 14 lanpostuk bakarrik izanen dutela euskarari ematen zaizkion hondarrak jasotzeko zortea, bat gehiago ere ez; nahiz eta eremu mistoan dauden Nafarroa osorako begirako lanpostu guztiak, eta lanpostu horiek funtsezkoak eta nahitaezkoak diren Nafarroako biztanle guztientzako.
Zorrotzak izan ziren LABeko ordezkarien hitzak: «iraina da Nafarroan alemana, ingelesa edo frantsesa euskara baino gehiago baloratzea, haien supremazismoaren erakustaldia, euskaraz bizi nahi duten Foru Komunitateko herritarrei egiten zaien mespretxu garbia».
Euskal sindikatuen ekarpenak atzera bota
ELAk eta LABek azaldu zuten Dekretu-zirriborroari egindako ekarpenak hasieratik bota dituela atzera Gobernuak; ez, aldiz, gainerako sindikatuek planteatu dituzten neurri murriztaileagoak. Sindikatuen arabera, Gobernuak jarrera “arras itxia” erakutsi du Dekretuari hobekuntzak egin ahal izateko. “Are gehiago, herritarren eskubideak bermatzeari begira inolako zuzenketarik onartu ez izana agerian utzi du atzean zer-nolako borondate eza dagoen berdintasunaren aldeko politikak garatzeko”. Sindikatuen iritziz larria da oso ekarpenak sakonki aztertu gabe onartuko ez direla adierazi izana. “Finean, Gobernuak hasieratik euskaldunak gutxiesteko borondatea zuela erakutsi du”, adierazi zuten.
Atzerriko hizkuntzen ezagutzaren kezka, bai eta hezkuntzan ere
Bestalde, Maitane Urabaien STEILASeko ordezkariak Gobernuak atzerriko hizkuntzekin duen obsesioa hezkuntzan berriz ere islatzen ari dela azaldu zuen. Hartara, obsesio horren barruan kokatu behar den arrisku berri batez ohartarazi zuen, hain zuzen ere, hezkuntza publikoko lanpostuetan ingelesaren derrigorrezko ezagutza ezarri nahi izatea. STEILASeko ordezkariak azaldu zuen “euskal hezkuntzari trabak jartzen zaizkion bitartean, euskararen beraren hedapena sustatu ez den bitartean, Gobernuak PAI eredua inposatu eta egonkortzeko estrategiari ekin diola”.
Ofizialtasunaren beharra
ELA, LAB, STEILAS eta ESKren aburuz dekretua atzerapausoa da hizkuntza-eskubideen garapenean. “Euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, erkidego osoan hartu behar da kontuan”, esan zuten. Sindikatuen arabera, dekretu honek, aurrekoek bezala “Euskararen Legeak inposatzen duen zonifikazioan du bere oinarria. Zonifikazioarekin bukatzea beharrezkoa da, artifizialak diren muga batzuen ondorioz diskriminazioak sortzen baititu”.
Horregatik maiatzaren 7an kalean elkartu beharra aldarrikatu zuten “zonifikazioarekin bukatu eta nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen dekretu bat exigitzeko Nafarroako Gobernuari”.
Maiatzaren 7ko manifestazioa Antoniutti parketik hasiko da arratsaldeko 17:30ean.