Sindikatuek erresidentzietako lan hitzarmen kolektiboa lortzeko mobilizazioak areagotuko dituzte

Urriaren 21ean sektoreko patronalik nagusienetako baten aurrean mobilizatuko dira enpresak eta Nafarroako Gobernua negoziazioan ezartzen ari diren blokeoa salatzeko. Hirugarren Adinekoen Zentroen sektoreko lan hitzarmena lortzeko urratsik eman ezean, grebara joko dutela iragarri dute sindikatuek.

2021-ko urriak 7

Joan den maiatzean hasi ziren Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioak. ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuok proposamen bateratua adostu genuen eta patronalei bidali genien. Hala ere, patronalek gaur arte ez dute negoziatzeko borondaterik erakutsi. Bestalde, Nafarroako Gobernua, sektorea finantzatzen duena eta erantzukizun publiko zuzena duena, gaur gaurkoz bat etorri da patronalaren jarrerarekin.

Gure aldarrikapenak argiak dira: lan-baldintza duinak negoziatzea, 70 zentro baino gehiagotan dauden Nafarroako 4.500 langile baino gehiagorentzako. Hitzarmen bat, plantillei lan duina egiteko aukera emango diena eta hirugarren adinekoen sektore horretako erabiltzaileentzako zerbitzuaren kalitatea bermatuko duena, arreta eta zaintza berezia eskatzen duen kolektiboa baita.

Sindikatuon negoziazio-eskaera honen aurrean, patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren blokeoarekin egin dugu topo. Baina hitzarmenak ezin du itxaron eta ez dugu blokeoa onartuko erantzun gisa. Ezin gara patronalen erritmoetara egokitu. Tonua igo behar dugu eta mobilizazioaren bidez presioa egin. Kaleak hartuz, gure gogaitasuna eta haserrea erakutsiz bakarrik lortu ahal izango dugu hitzarmen duin bat.

Horretarako, urriaren 21ean, 11: 30ean, LARESen (Edificios inteligentes) aurrean, hots, sektoreko patronalik nagusienetako baten aurrean, kontzentraziorako deia egiten dugu.

Enpresei eta Nafarroako Gobernuari gogorarazi nahi diegu hurrengo bileretan hitzarmenaren negoziazioan jarrera aldatu ezean, sektore honetako langileek presio-neurriak hartuko ditugula negoziazioa bideratzeko. Ez dugu presio neurririk baztertuko, jokoan duguna datozen urteetan lan esparruan daukagun gatazkarik garrantzitsuena baita.

Azkenik, gogoratu urriaren 14an hurrengo negoziazio-bilera izango dugula. Hemendik esaten dugu; edo patronalek sindikatuok aurkeztutako proposamenak onartzen dituzte, edo hemendik urte bukaerara sektorea grebara joango da.

Gehiago