Sindikatuek auto bat irauli dute Iruñean, errepideetako lan istripuen kopuru altuaz ohartarazteko eta prebentzio falta salatzeko

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan ‒apirilaren 28an izaten da‒, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek osatzen duten intersindikalak istripua izandako auto bat irauli du Iruñeko Gazteluko plazan, Euskal Herrian orokorrean baina Nafarroa Garaian bereziki izaten diren errepideetako lan istripu ugariez ohartaratzeko; mobilizazioan 150 pertsona inguru elkartu dira. 2024. urtean, Nafarroan dagoeneko zortzi langile hil dira lan istripuetan, lanean edo laneko bidean, eta horietako seiren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.

2024-ko apirilak 25

Iruñeko gaurko ekintzarekin, intersindikalak irmoki salatu nahi izan du langileek beren osasuna jokoan jartzen dutela bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan. Izan ere, Espainiako estatuko istripu tasen sailkapen beltzean Nafarroa bigarrena da, Balear uharteen gibeletik. Nafarroan 2023an 12 langile hil ziren, 2022an 20 eta bertze hainbertze 2021ean. Hildako horiek lan istripuei dagozkienak dira; ez baitago laneko gaixotasunen ondorioz hiltzen direnak zenbatzerik, mutualitateek ez dituztelako kontuan hartzen eta datuak ezkutatzen dituztelako.

Eta, erran bezala, 2024ko lau hilabete oraindik joan ez diren honetan, dagoeneko zortzi langile hil dira Nafarroan, horietako sei errepidearekin lotuta: hiru garraiolari, bi in itinere eta bat in mision. LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek osatzen duten intersindikalak 2021ean salatu zuen Nafarroan joera ilun bat agertzen ari zela errepide istripuetan hiltzen ziren langile kopuruari dagokionez. Urte hartan, lan istripuz hildakoen erdia errepidean hil zen, hogeitik hamar hain zuzen. Heriotza haiek baldintza oso ezberdinetan eman ziren. Eta gogoratzekoa da baten bat muturreko prekaritateak sortua izan zela, hala nola, goizeko ordu txikietan, ilunpetan, baratzera lanera bizikletaz zihoan langile migrantearen heriotzarena.

Errepideetako lan istripuak garraiolariek pairatzen dituzte bereziki. Hala, azken urteetan, batez bertze garraiolari bat hil da hilean Euskal Herrian. Aurten, dagoeneko zazpi hil dira; hau da, ia bi garraiolari hilean. Eta aipagarria da garraiolari horien adina. Kasu batean izan ezik, denak 60 urteren bueltan baitzeuden. Sektorea zahartzen ari da. Ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Eta egoera hori arriskutsua da, bai garraiolarientzat, bai errepidearen gainontzeko erabiltzaile guztientzat ere. Adin batetik aurrera, erreflexuak galtzen baitira eta arrisku handiagoa baitago konortea galtzeko, bihotzekoak jotzeko edota istripuren bat eragin dezaketen bertze osasun arazoren bat izateko. Horregatik, garraiolarien Hiru sindikatuak eskatzen du halako langileei ere 60 urterekin erretiratzeko aukera zabaltzea.

Errepideetako lan istripuen kopuru handiaren atzean badaude faktore jakin batzuk:

  • Zerbitzuen zentralizazio nabarmena Iruñean, erabaki politiko jakin batzuengatik, herri eta ibarren despopulatzea ekarri duena.
  • Batez beste langile bakoitzak egin beharreko kilometro kopuru andana.
  • Funtzio Publikoan desplazamendua arrisku ez erabakigarri bezala jotzea.
  • Enpresek behar besteko aukerak ez eskaintzea etxetik lan egiteko.
  • Errepideko arriskuak laneko arriskutzat ez hartzea, nahiz eta hori lan osasuneko arauen aurka doan.
  • Prekaritatearen eraginez langileek ibilgailu eskasak edukitzea. Garraio publikoa ez nahikoa izatea, eta gainera langileen beharretara bideraturik ez egotea.

Faktore horien aurrean, enpresek mugikortasun planak egin beharko lituzkete, zeinetan arrisku zehatz horien arrisku ebaluazioa egiten baita langile bakoitzaren desplazamenduak aintzat hartuz eta neurriak proposatzen baitira. Berez, enpresak planaren garapenean langileen parte-hartzea bermatu behar du; delegatuen adostasuna derrigorrezkoa dela zioen RD404/2010 errege dekretuak. Baina, sorpresa!, Mariano Rajoiren gobernuaren RD231/2017 eguneratzeak delegatuen beto eskubidea kendu zuen. Beraz, enpresek mugikortasun planak egiten dituzte kontingentzia profesionalen kotizazioetan beherapenak izateko, baina planetan gomendatutako neurriak ezarri behar izan gabe.

Bistan da iruzurra dagoela mugikortasun planetako neurriak ez ezartzeko jokabidean, eta Nafarroako Gobernuak errealitate horri erantzun beharko lioke, odol isuria bukatu ahal izateko.

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuen proposamenak:

Gehiegizko desplazamenduak murrizteko neurriak:

  • Enpresetan lana etxetik egin ahal izan jardunaldiaren zati batean (egun pare bat astean).
  • Enplegu publikoan distantzia arrisku item-etan sartzea eta plazak horren arabera esleitzea.
  • Nafarroaren zentralizazio geografikoa apurtzea.

Enpresa guztiek mugikortasun planak delegatuen eta NOPLOIko teknikarien onespenarekin egitea.

  • Mugikortasun planen neurriak arrisku ebaluazioan txertatu inplantazioa derrigorrezko bilakatuz.
  • Langileei laguntzak eman garraio publikoa erabil dezaten.
  • Garraio publikorik ez denean laguntzak ematea ibilgailuen mantentze lanetarako.

Planaren neurrien inplantazioa kontrolatzea (ikuskaritza)

Garraio plublikoan hobekuntza nabarmenak egitea.Errepide jakin batzuk nabarmen hobetzea.

Gehiago