Sindikatu gehienek batu dira larunbateko gerraren kontrako manifestaziora

Gehiengo sindikal zabal batek eman dio babesa larunbateko gerren aurkako manifestazioari. CCOO, ELA, LAB, STEILAS, CGT, CNT, ESK, SOLIDARI, EHNE eta HIRU sindikatuek protesta antimilitaristan parte hartzera deitu dute. Manifestazioa "Gerrei intsumisioa. Putin ez! OTAN kanpora!" lelopean arratsaldeko 18.00etan abiatuko da Gaztelu Plazatik.

2022-ko apirilak 8

Deitzaileak kontzientzia eragozpen eta intsumisio mugimenduan parte hartu zuten hainbat antimilitarista dira, eta larunbateko hitzorduan gehiengo sindikal zabal baten laguntzarekin eginen dute bakearen aldeko ibilbidea. Izan ere, CCOO, ELA, LAB, STEILAS, CGT, CNT, ESK, SOLIDARI, EHNEk eta Hiru sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.

Deitzaileek manifestu bat plazaratu zuten pasa den astean haien aldarrikapenekin. Dagoeneko 2.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditu idatzi honek Estatu osoan, horietatik 400 Nafarroan. Agirian, lehenik eta behin Errusiak Ukrainako inbasioa bertan behera utz dezala eskatzen dute. Halaber, Europako Batasunari eta Espainiako Gobernuari exijitzen diete alde bateko zein besteko desertoreen babes eskaerak onar ditzatela, kontzientzi eragozpen eskubide unibertsala bermatuz. Horretaz gain, NATOk Ukrainara armak bidaltzeari uztea galdegiten dute. Azkenik, babesa eskaintzen diete Ukrainako zein Errusiako bakezaleei.

Amaiera ekitaldi musikatua
Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Gazteluko plazatik, Intsumisioaren Parkean amaitzeko, hau da, San Roke karrikako espetxe zaharraren orubean. Han amaiera ekitaldia musikatua eginen dute. Mintxo Astiz eta Sahats Aleman bertsolariek abestuko dute, eta Zarys Falcon joko du.

Gehiago