Sinadura bilketa abiatu dute, Pasaiako segadaren kasua berrirekitzeko
Egia, justizia eta oroitzapena taldeak sinadura bilketa abiatu du Pasaiako segadaren kasua berrirekitzea eskatzeko. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen aurkako erasoa otsailaren 3an artxibatu zuen Donostiako 2. Instrukzio Auzitegiak. 1984ko martxoaren 2an eginiko segada hartan, Pedro Mari Izar, Rafael Delas, Jose Maria Izura eta Dionisio Aizpuru hil zituen Espainiako Poliziak.
2016-ko otsailak 17
@iker_onate, ARGIA
Change.org webgunearen bitartez ari dira sinadurak biltzen; oraingoz mila pertsona baino gehiagok sinatu dute. “Gisako gertaera larrien zigorgabetasuna saihestea eta Euskal Herriak pairaturiko gatazka politikoaren egiazko oroimen historikoa eraikitzen laguntzea da ekimenaren helburua”, azaldu dute bultzatzaileek. Bestalde, sinadurek balio judizialik ez badute ere, auziko abokatu Santiago Gonzalezek azpimarratu du “balio sozial eta politikoa” dutela.
Sinadurak Donostiako 2. Instrukzio Auzitegira helaraziko dituzte. Prozesu judizialari dagokionez, auziak zenbait gorabehera izan ditu 1984tik. Urte hartan, ekainean, epaileak kasua behin behinean ixteko erabakia hartu zuen, delitu frogarik ez zegoelakoan. Ostera, 2000. urtean, Gonzalez abokatuak salatu zuen epaileak ez zuela segada hartatik bizirik irten zen Jose Luis Morenoren bertsioa aintzat hartu eta kasua berrireki zuten. Ekimenaren bultzatzaileak kexu dira epaitegiaren jarrerarekin: “Epaitegiak trabak jarri dizkio 2009tik aurkeztu dugun diligentzia orori”.
Pasaiako segada artxibatu izanak ezinegona eragin du senideen artean. “119 bala izan ziren, eta egin diren epaiketak ez dira serioak izan. Familiarentzat eta gertukoentzat gogorra da halako albisteak jasotzea”, dio Izarren arreba Lourdesek. Bestetik, Gonzalez abokatuak dio “hilketa aztarnak badaudela”.
Segada, planifikaturiko erasoa
1984ko martxoaren 2an Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen aurkako segada antolatu zuen Espainiako Poliziak. Horretarako, komandokideekin hitzordua egitera behartu zuten Rosa Jimeno; oriotarra lau egun lehenago hartu zuten atxilo. Komandoko kideek itsasoz egin zuten bidaia, Lapurditik abiatuta; Pasaiara iristean, Polizia tiroka hasi zitzaien.
Jose Merino izan zen eraso hartatik bizirik irten zen bakarra. Azken horrek azaldu izan du nahita utzi zutela bizirik, Enrique Casas senatari sozialistaren heriotzarekin lotzen zutelako.