Siemens Gamesa Agoizko Enpresa Batzordeak itxieraren aurkako 18.427 sinadurak erregistratu ditu Legebiltzarrean
Gaur amaitu da San Lorenzo elizan langile talde batek egindako 24 orduko itxialdia, eta elizatik atera ondoren Nafarroako Parlamentura abiatu dira azken bi asteetan zehar Agoizko lantokia ixtearen aurka herritarren artean bildutako sinadurak erregistroan sartzeko.
2020-ko uztailak 31
Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegian ez dago langilerik enpleguari eusteko borrokan atzerapausorik emateko prest dagoenik. Atzo langile talde bat San Lorenzo elizan sartu zen 24 orduz baraualdi bat egiten, euren lanpostuak defendatzeko helburuarekin.
Gaur langileek Nafarroako Parlamentura eraman dituzte azken bi asteotan jasotako 18.427 sinadurak. “Nafarroako gizartearen babesa eta inplikazioa erakusten dute sinadura horiek”, esan dute. Orain klase politikoaren txanda dela diote, eta “hitzetatik ekintzetara pasatzeko” eta lantegian lan egiten duten 239 pertsonei alternatiba bat eskaintzeko unea dela azpimarratzen dute.