Sektore pribatuan hizkuntza eskubideetan atzerapausoak atzematen ari direla ohartarazi du Behatokiak
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022 txostena aurkeztu du, iazko urtean Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko izan ziren hutsune nagusiak eta arloz arloko egoeraren azterketa jasotzen dituena.
2023-ko apirilak 17
2022an hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren zuzeneko testigantzak jaso ditu aurtengo txostenean. Guztira 1.071 intzidentzia jaso ziren, horietatik 976 kexa, 54 zoriontze eta 41 kontsulta edo iradokizun.
Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak. Bestalde, sektore pribatuan, merkataritza gune handiak izan dira gehienbat kexa gehien jaso dituztenak, eta euskararen presentzian eta erabileran atzeman diren atzerapausoek kezka sortu dute Behatokian. Kontuan izan behar da, horietako askok lege betebeharrak izan arren ez dituztela betetzen. Azkenik, lege babes handiagoa eta gizarte erantzukizuna eskatu ditu Behatokiak.
«2022an ere, hizkuntza eskubideen aitortza jendarteko eremu ezberdinetan normalizatzetik urrun aurkitu genuen». Hori izan da, hain zuzen, erakundeko zuzendari Agurne Gaubekak egindako hausnarketa nagusia. «Urteak aurrera doazen arren, herritarrari euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaio eguneroko esparru ugaritan». Muga eta oztopo horiek adibide gisa jaso dituzte bideo batean, non hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren testigantzak entzun daitezkeen.
Txostenaren balantzea egiterakoan, Gaubekak nabarmendu du herritar askok Behatokia beraien eskubideen babes eta defentsarako tresna bezala ikusten dutela. Halaber, jendarteak hizkuntza eskubideen aitortza eta egoera ardura indibidual eta kolektibo bezala ikusten duela adierazten dute Behatokian jasotako datuek. Hala ere, gogorarazi du, «euskararen normalizaziorako pausoak mugatu, oztopatu edo debekatzen badira, hizkuntza eskubideek ez dute inoiz aitortza egokirik izango».
«Hizkuntza eskubideak herritar guztienak diren heinean, horiek bermatzea eta euskararen normalizaziorako pausuak ematea enpresa, elkarte eta erakunde guztien gizarte erantzukizuna dela» aldarrikatu du Behatokiko zuzendariak. Halaber, «administrazio publikoek normaltasunez euskaraz funtzionatzeko erabateko gaitasuna izan dezaten, baliabide efektiboak» behar dituztela nabarmendu du, baita bestelako sektoreetan ere (hezkuntzan, aisian, sozioekonomikoan…) euskarazko eskaintza aktibo handiagoa behar dela defendatu ere. Gainera, sarritan, euskaraz ikasi eta lan egiteko baliabide eta neurri faltak beste arloetan ere eragin negatiboak ditu herritarren hizkuntza eskubideei dagokionean. Ondorioz, euskararen lurralde osoan hizkuntza eskubideek «lege babes handiagoa» izatea eskatu du Behatokiko eledunak.
Eskubide urraketen lagin bat
2022an, guztira 1.071 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Intzidentzia guztietatik, 976 kexak, 54 zoriontzek eta 41 kontsulta edo iradokizunek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea.
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jartzen du enfasia: «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela. Izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe». Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori: «Herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan».
Beste urte batzuetan bezala, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, baina 2022an Bizkaiko udalek jasotako kexa kopuruak arreta deitu du. Bestalde, sektore pribatuan, merkataritza gune handiak izan dira gehienbat kexa gehien jaso dituztenak, eta euskararen presentzian eta erabileran atzeman diren atzerapausoek kezka sortu dute Behatokian. Kontuan izan behar da, horietako askok lege betebeharrak izan arren ez dituztela betetzen. Bukatzeko, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan, azken hilabeteetan hizkuntza eskubideak murriztu dituzten sententziek zer eragin izango duen aztertu beharko du Behatokiak.