Sarrigurengo eskola publikoa “kexatik sormenera”
Sarrigurengo eskola publikoko irakasleen ekimenez eskola berria eskatzeko aldarrikapen artistiko irudimentsua burutu dute Iruñeko Sarasate Pasealekuan.
2014-ko maiatzak 16
Ostegun arratsaldean Sarrigurengo eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek Sarasate Pasealekua bete dute. Ikasleek beraiek bildutako latak hartu eta eraikuntza irudimentsuak osatu dituzte. Mezu argia helarazi nahi izan dute: ez dago lekurik.
Ez da berria eskolako hezkuntza komunitateak Nafarroako Gobernuari egiten dion eskaera: eskola berria behar dute. Hau bezalako asko izan dira orain arte egin diren aldarrikapen ekintzak eta Hezkuntzak eman dien erantzuna bakarra: antolakuntza kontua da, ez dago leku arazorik.
Kontuan hartu beharrekoa da 2014-2015 ikasturtean Sarriguren Ikastetxe Publikoak 1.000 ikasle baino gehiago izango dituela (560 Haur Hezkuntzakoak). Eskola bost lerro jasotzeko prestatuta dago eta datorren urtean hamar lerro inguru izango dira sartuko direnak. Egoera ez da egokia izango eta Hezkuntza Saila eta Nafarroako Gobernuari eskola berri baten eraikuntza eskatu diote berriz ere.
Sarrigurengo hezkuntza komunitateak badu 1.000 arrazoi "kexatik sortzera" pasatzeko eta horren adierazle izan da proposamen artistikoa. Leire Olkotz Tafallako artistaren laguntzarekin sortu dute Enlata-2, 2 eskola, 2 tiny.