Sarek sakabanaketaren inguruko liburuxka aurkeztu du munduan zehar Estatuen krudelkeria erakusteko
500.000 liburuxka banatuko dira datozen hilabeteetan euskal preso politikoei ezartzen zaien sakabanaketa politika salatzeko.
2014-ko azaroak 2
Izaera politiko zein armatua izan duen gatazka luzeak giza eskubideen urraketa ugari utzi ditu bazterretan, oraindik ere mingarri diren zauri ugari. Gatazka horren ondorioz, milaka izan dira espetxea ezagutu duten euskal herritarrak ere, liburu hau argitaratzeko garaian 475 (horietatik 463 dispertsatuak) direlarik preso dauden pertsonak. Preso izaerak, berez, askatasunik eza dakar, baina euskal presoei, horrez gain, Espainiako, Frantziako zein nazioarteko legediaren aurkakoak diren zenbait neurri ezartzen zaizkie sistemakikoki.
Neurri horien adierazpiderik nabarmenena da dispertsio politika: euskal presoei ezarri zaien zigorra beraien ingurune sozial afektibotik gertuen dagoen espetxean betetzeko eskubidea duten arren- ehundaka kilometrotara dauden gartzeletara urruntzen dituzte. Politika horrekin presoen oinarrizko eskubideak bortxatzeaz gain, zigor gehigarri bat ezartzen zaie presoen senide eta lagunei, astebururo milaka kilometroko bidaia nekagarri eta arriskutsuak egitera kondenatuz maite dutenarekin 40 minutu eskaseko bisita egitera doazenak. Sarek gogoratzen duenez, dispertsio politikak, dagoeneko, 16 senide eta lagunen heriotza eragin du errepideetan eta maila askotariko ondorio lazgarriak eragiten ditu ekonomikoki ere, familientzat jasangaitzak baitira bisita egin ahal izateko bi edo hiru egunetako joan-etorrien kostuak.
Orain aurkeztu den, liburuxkaren xedea, politika horrekin behin betiko bukatu ahal izateko, errealitate hori ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta mundu guztiaren aurrean ezagutaraztea da, eskuz esku, ahalik eta persona gehiengana iristea. "Ideologia eta jatorri ezberdinetako herritarrak gara langintza honetara batu garenak. Giza eskubideetan, Konponbidean eta Bakean sustraitutako etorkizuna eraiki nahi dugu eta horretarako, presazkoa, ezinbestekoa da dispertsioarekin bukatzea".