Sarek elkartasun kanpaina bat jarri du martxan Goardia Zibilak atzemandako diruaren kopurua lortzeko
Sarek diru bilketa kanpaina jarriko du abian. Guardia Zibilak Bilboko manifestazioan herritarren ekarpenen bidez jasotako 90.000 euro eraman zituen asteleheneko operazioaren barruan egindako miaketan.
2015-ko urtarrilak 14
Pasa den larunbateko manifestazioan herritarrek egindako diru ekarpen guztiak, 90.000 euro, eraman ditu Goardia Zibilak, eta Sare Herritarrak ez du kasualitateetan sinisten. "Ez dugu sinisten pasa den astelehenean gertatutakoak ez duela zerikusirik larunbateko mobilizazio arrakastatsuarekin; ez eta atzo Auzitegi Gorenak, euskal presoek Frantzian beteriko zigor urteen pilaketaren inguruan hartutako erabakiarekin; eta ez eta ere, Terrorismoaren Biktimen Asoziazioak AVTek, urtarril bukaerarako, Madrilen, deitua duen mobilizazioarekin", azpimarratu du Sarek.
Larunbateko mobilizazioan Sarek diru-bilketan jasotakoaren konfiskatzearekin bilatu nahi izan dutena Sareko kideak "ikaratzea edo kikiltzea" izan bada, "oso argi eta oso garbi" esaten diete "guztiz kontrakoa lortu dutela", eta Sare "indartsuagoa" aurkitzen dela aipatu dute. "Konponbidearekin konpromezua hartua duen eta sinetsita dagoen sarea. Bake eta bizikidetza eszenatoki baterantz, beldurrik gabe aurrera egiten jarraituko duena".
Banketxeak itxiak egoten diren ordutegi batean jasotako dirua izanik, LAB sindikatuari, Zabalburutik gertu aurkitzen delako, txanponak euren egoitzan gordetu zen, eta gaur bertan eskatu dute instantzia judizial baten bidez konfiskatutako dirua itzultzea. Hala eta guztiz ere, justiziaren geldotasuna dela eta, uste dute denboran zehar luzatuko dela. Eta, logikoa denez, mobilizazioaren muntaketa lanetan aritu ziren enpresek egindako lanengatik ordainduak izatea dagokie. Hori dela eta euskal jendartearen elkartasunari dei egin nahi diote.
Horretarako, kontu korronte bat zabaldu dute, Euskadiko Kutxan (ES89 3035 0012 77 0120111969). Bertan edozein pertsonak ahal duen neurrian, ahal duena sar dezan. "Eman dezaketen laguntza txiki hori ere izan dadila gure dirua eraman duten horientzat erantzuna".