SARE Nafarroaren oharra Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu ondoren
2020-ko abuztuak 25
Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta
joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra
ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita.
Gogor kritikatzen dugu gaurko erabakia, are gehiago; Euskal Herriko egungo
testuingurua ikusita neurriz kanpokoa eta ulertezina dela azpimarratu nahi dugu.
Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein
askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan,
injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu.
Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango
baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.
Gaurko erabakia salatu eta Mikel Barrios lehenbailehen aske uzteko eskatuko du
Arrosadiako Sarek irailaren 4tik 6ra antolatutako bizikleta martxak. Goizeko 8.30ean
hasiko da Iturgoienen, eta Alduden bukatuko da lehen etapa afari batekin. Bigarren
etapa Aldudetik Lahontanera izango da eta Itsasun, azken urteetan Mikel Barrios bizi
izan den tokian, egingo da bazkaria. Azkenik, Mont de Marsan presondegiraino helduko
da martxa, eta ondoren Elkartasun Eguna ospatuko dute Itsasun.
Ohar honen bidez, ekimenean izena eman eta bizikleta martxan parte hartzeko deia
luzatu nahi diegu herritarrei. onartezinatxikitorena@gmail.com
Mikel Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. 2017ko urrian
atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan.
Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi,
zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei
urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta
haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla.
Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez
Frantzian egoteko debekua.