Sare-k euskal presoen eskubideen alde Donostian egin behar zuen manifestazioaren ordez mosaiko erraldoi bat eginen du
Covid-19aren baitan Hego Euskal Herrian ezarri diren neurri berriak direla eta, urriaren 24rako deitutako manifestazioa egoerara egokitzea erabaki du Sare Herritarrak.
2020-ko urriak 19
Azken asteetan Covid-19aren eragina handiagotu denez, pasa den larunbatean Euskal Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaile berriak direla eta, Sare Herritarrak urriaren 24rako Donostian deitua zuen manifestazio eta mosaiko jendetsua egoerara egokitzea erabaki du: kanpoko ekitaldietarako ezarritako kopuruak errespetatuz, urriaren 24an 600 pertsona batuko dituen mosaiko sinbolikoa osatuko dugu Donostiako Kontxako hondartzan. Erabaki hau hartu izanaren arrazoi nagusiak bi dira:
• Arduraz jokatzea dagokigu. Azken asteetan Covid-19 kasuen igoera esanguratsua dela eta, Gipuzkoan bertan egun dagoen egoeraren larritasunaz jabetuta, Sarek ere arduraz jokatu nahi du egoera horren aurrean. Gure ekimen eta mobilizazioetan parte hartuko duten kideen segurtasun eta osasuna bermatzeaz gain, balizko foku baten aurrean miaketan zailtasunak sor ditzaken egoera masifkatu bat ekidinez. Gainera, oraindik orain, Jaurlaritzatik proposatutako neurriak indarrean jarri ez diren arren, Sarek eskaria jaso du, aipatu argudioetan oinarrituta, larunbateko manifestazioa bestelako egoera kontrolatuago eta seguruago batean egiteko, milaka eta milaka lagun eremu berean batzeak ekar ditzaken zailtasunak ekiditeko bestelako bide batzuk planteatuz.
• Arduraz jokatzea dagokigu, baina baita espetxeetan bizi den egoerari dagokionean ere. Horregatik, mobilizazioarekin aurrera egitea dago hartutako erabakiaren oinarrian, berau era sinbolikoagoan eta murritzagoan egitera behartuak sentitu arren. Izan ere, aurreko astean ekimen honetara batzeko deia egin genuenean azaldu moduan, oraindik orain, maila politikoan, instituzionalean, sindikalean eta sozialean adostasunak lortu arren, ETA jada existitzen ez den arren, alde anitzetako biktimek ahanzturarik gabe elkarbizitzaren aldeko apustua egin arren eta bi estatuetako gobernuak ere espetxe politika aldatzearen aldeko borondatea agertu duten arren, salbuespeneko espetxe politikak indarrean darrai, bai presoei eta baita euren senideei zigorrak bikoiztuz. Honi, pandemia hau hasi zenetik hainbatetan adierazi dugun moduan, Covid-19ak ekarritako zailtasun eta oztopoen zerrenda luzea batzen zaio, espetxeetako egoera eta senideena nabarmen kaltetuz. Ezinbestekoa deritzogu, beraz, salbuespenezko espetxe-politika amaitzearen aldarria, hala nola, behingoz konponbide oso eta erreala ematearen eskaria kalean, sarean, hedabideetan presente egotea, eta ez geratzea pandemia honen atzean, ezkutuan, egoera honetan gaiaren larritasuna baretu beharrean areagotu egin baita.
Hala, datorren larunbatean, Resolution! Etxera! aldarria presenten izango da Donostiako Kontxako hondartzan. Horretarako, eta egin nahi genuen manifestazio eta mosaiko erraldoia modu errepresentagarrienean ordezkatu asmoz, Hego Euskal Herriko herri eta auzo gehienetako herritarrekin osatutako 600 laguneko ordezkaritza batuko gara Donostian, mosaikoko “Resolution” letrak marrazteko elkartuko ginen txoko guztietako milaka lagunen izenean. Hau modu ordenatu eta kontrolatuan egin ahal izateko, herri eta auzoetaraino iristen den gure sarea baliatuko dugu, deialdi zabala ekidinez. Guztioi dei egiten dizuegu ordea, egun horretan sareen bitartez egingo dugun jarraipenarekin bat egitera eta zuen mezu eta aldarriekin ekimena hauspotzera. Aurreko astean adierazi genuen moduan, duen urgentziagatik, emaniko urratsek eta adostasunek sortu duten aukera probestu behar dugulako eta jendarte gisa egoera hau behingoz konpondu eta elkarbizitzan eta bakean sakontzeko nahia dugulako, gure konpromiso eta jardunean jarraituko dugu, pandemia egoerarekiko arduraz, baina presoen, iheslarien eta senideen egoeraz ahaztu gabe.