Sanferminak, bere irudiaren jabe?

2014-ko ekainak 5

Kanbodiara heltzerakoan Angkor Wat tenpluaren presentzia orobatekoak ustekabean harrapatzen du bidaiaria. Alde guztietan dago: bandera nazionalean, garagardo bati izena eta irudia ematen dio, posta txartel eta kamisetatan, jatetxeetan, hoteletan, garbitokietan eta janaria saltzen duten postutxoetan.  Angkor Wat tenplu hindua Kanbodiako sinbolo nazionala da zalantzarik gabe, zer esanik ez Angkor tenplu gune ondoan dagoen Siem Reap hirikoa.  Sobera ezaguna den gidaliburu batek dioen moduan: “Siem Reapen dena da Angor Wat”.  Zibilizazio Khmerraren altxorra den Angkor Wat tenpluak kanbodiarren estimu minberatua ferekatzen du, bere historia ilun eta odoltsuaren zama albo batera utzi eta etorkizunari begiratzeko kemena ematen dio, eta behinola Asia hego-ekialdeko inperio indartsuena izan zela gogoratu.

Soa gure ingurura bilduz, San Fermin garagardoa ezagutzera eman zuten orain dela egun gutxi Iruñean. Izenaren aukeraketa horrek Angko Wat  ekarri zidan gogora. Iruñean dena San Fermin ez den arren (momentuz behintzat), nabaria da jai hauek hiria nazioartean zabaltzeko irudia bihurtu direla. “City-branding”a delakoa hain modan dagoen honetan, Bilbok Guggenheim museoa, Donostiak Kultur Hiriburua eta Gasteizek “Green Capital” aukeratu dute beraien irudia saltzeko bereizgarri gisa. Iruñeak ordea ez du irudi edo logo bat sortu beharra izan; apaizen faktoria izatetik udako bakanala izatera pasa da.

Ez nahiz sartuko elementu hau hiriaren adierazgarri nagusia den eztabaidatzera (gogora dezagun dena den, 2000 urteko hiria dela, erresuma independente bateko hiriburu izan zela, baskoien sorburua), baina kezkagarria da Sanferminetaz eskaintzen den irudi partzial eta mugatua. Humberto Astibiak testuingururik gabeko elementu isolatuak mantentzea ondarearen ikuspegi erredukzionistaren adierazle dela esan zuen. Sanferminak gizarte nafarraren adierazpen bizia dira, bere usadioetatik eta jaia ulertzeko eratik sortuak. Horregatik jai erreibindikatzaileak, herrikoiak eta parte hartzaileak izan dira beti.

Eta hori da, hain zuzen, kanpoan transmititzen ez den irudia. Hedabideek eta nafar agintariek ahalegin kontziente bat egin dute alderdi hau ezabatzeko, eta izaera ofizialak izaera herrikoia zapaldu du. Adibideak, zoritxarrez, asko dira: abeslari edo talde euskaldunen marjinalizazioa (Media Luna parkera edo bigarren mailako txoko batera baztertuak), Gora Iruñearen programa herrikoi eta alternatiboari ezarritako traba (eta isun) etengabeak, Riau Riaua bertan behera uztea, Ikurrina txupinazoan ateratzeko debekua, Villavesaren entzierroaren aurkako indarkeria poliziala… eta abar eta abar. Horren ordez, Iruñea zezenen hiria bihurtu dute, Espainiako jai nazionalaren etxea, eta gazte atzerritarrentzako Dionisioren paradisua lurrean. Edo are okerrago dena, eraso matxistak onartzen dituen legerik gabeko hiria, iazko irudi eta polemikak aintzat hartuta bederen.  

Nago ez dakigula berezko dugun hori bereizten eta baloratzen. Lagun kazetari batek aipatzen zidani iruindar askok ez dutela Sanferminak zer diren ezagutzen. Izan ere, oso ongi landu baita jaiaz, eta hartara, hiriaz ematen den irudia.

Ukaezina da irudiak duen indarra. Gaur egun botere eta kontrol mekanismoak irudiaren bitartez zabaltzen dira, eta telebistak eta internetek mediatizatutako gizarteak eskenatoki paregabea eskaintzen du gure bizia ordenatzen duten irudi horiek sortu eta zabaltzeko. Irudiak sinplifikaziora garamatza, errealitatearen alderdi batzuk bakarrik erakusten dira, hartzaile pasiboak benetakotzat hartzen duen errealitate berria sortuz. Askotan zail da irudiaren errealitatea, errealitatearen iruditik bereizten. Uztailaren 6an, Sanferminetako irudiek telebista eta eskaintza informatiboa gainezka egingo dute. Jakitun beharko genuke gure hiriaren zein irudi zabalduko den mundura. Baina batez ere, ez dezagun irudi hori sinetsi.
 

 

Gehiago