San Fermin txikito asteburu honetan ospatuko dira

Aurten ere irailaren 21etik 23ra, Alde Zaharreko Jai Batzordeak, kolektibo, dendari eta bizilagunen laguntzaz, ekimen ugariz betetako programazio zabala eskainiko du San Fermin txikirako. Ekimen ezberdin asko ospatuko dira, aurten gainera, 78ko San Fermin Txikitik 40 urte pasa direla ospatuko da.

2018-ko irailak 18

Aurreko urteetan bezala, aurten ere plaza eta kaleekin batera Auzogunea izanen da jai eremu bezala. Santo Domingoko baratzetan kokatuko da eta honen helburua, auzoa deskongestionatu eta bizilagunen atsedena bermatzea izanen da. Jai hauetan “errespetuz eta gizatasunez” parte hartzea eskatzen dute berriz ere, eta aurten bereziki, etxebizitzetako sarrerak errespetatzea eta auzoko gune ezberdinetan ezarriko diren komun publikoen erabiltzea eskatzen dute. Etxebizitzetan ezarriko diren “Hau ez da komun bat” kartelekin, argi dagoen zerbait birgogoraraziko dute.

Honetaz gain, Jai Batzordeak festa honetan beste guztietan bezala, jarrera eta eraso homofobiko zein matxistak ez direla onartzen gogorarazten du. Ostiral arratsaldetik igande goizerarte Mercadereseko plazan, informazio gune bat egonen da, “Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske” lelopean.

Jaiak iragartzearen arduradun herri bozkaz aukeratutako bi kartel izanen dira. Jone Etxarriren “Auzoak Bizirik” helduen kategorian eta Ekhi Iragiren “Iturria” haur eta gazteen lehiaketan. Auzokideek aukeratutako bi karteletan Maravillas Gaztetxea da oinarrizko elementua. Honetan ikus daiteke “auzoarentzako proiektu honek daukan garrantzia eta gazte mugimenduak Alde Zaharrean eta bere jaietan daukan inplikazioa eta indarra”.


Asteburua ekimenez josia
Programazioa, ostiral goizeko 12:30etan hasiko da, Korporazio txikiak Corazonisten plazatik jaurtiko duen zuziriarekin eta handik kalejira bat abiatuko da auzoan zehar kiliki eta erraldoi txikiekin batera. 13.30tan Nabarreria plazan, 78ko San Ferminen omenez ekitaldi bat eginen da. Urte hartan, uztaileko gertakarien eta jaien etenaldiaren ondorioz, intentsitate handiarekin bizi izan ziren San Ferminak izan zirelako. Honetaz gain, urteurrena, hilabetearen 15etik 29ra Plazaran!-n (Kale Nagusia 14) egingo den argazki erakusketa batekin omenduko da.

Programazioak eguerdian ere jarraitzen du, herri bazkariekin eta arratsaldean, auzoko kiliki eta erraldoien irteera, Mañueta frontoian egingo den haur eta gazte esku-pilota txapelketarekin eta 19:00etan Nafarroako Artxibategi parean, berriki antolatu den, auzo argazkiarekin. Honetara, bizilagun guztiei luzatzen zaie gonbidapena. Lehengo eguna, afari autogestionatuekin eta auzoan zehar egonen diren berbena eta kontzertuekin amaituko da.

Larunbatean dianek irekiko dute programazioa eta honen ostean, aurtengo berritasun bat izanen da Magdalena zubiaren ondoan. 12-16urte bitarteko gazteentzako piraguekin jolasak. Txistorrada merkatuan, Elektrotxatungarekin musika auzoan barna, Kantuz Orrega Fundazioak, txarangek eta trikitilariek girotuko dute goiza 13:00ak arte. Orduan, jende gehien biltzen duen jardueraren momentua da, Carmen eta Nabarreria kaleetatik Zaharren Kross-a. Eguerdian, kaldereteak eta herri bazkariak, arratsalde eta gauean auzoan zehar egongo diren kontzertu eta musikaz gozatzeko. Pellejeria txokoan dagoen Piparrikak festak daukan jarduera lasaiena eskainiko du bere, San Fermin Tropikalarekin. Honetaz gain, egun osoan zehar San Jose plazan, pertsona errefuxiatuen egoeraren inguruko sentsibilizazio espazio bat irekiko da.

Igandea, salda eta dianekin hasiko da eta hauek emango diote hasiera jaietako egun lasaienari. Artisautza azoka Merkaderes eta Txapitela kaleetan, herri kirolak Konpainia plazan, Conviento bermuta Burgoen plazan, San Niclownlas taldearen eskutik espektakulua San Nikolas plazan. Azken hauek ostiral eta larunbatean ere ikusi ahal izango dira. Arratsaldean, etxeko txikienek hitzarmen berezia dute Santo Domingo aldapan. Zezentxoen kontzentrazioa eta jaietako azken entzierroa txikia ospatuko dira.

Gehiago