San Fermin Txiki jaietan bi gazte homosexualek Alde Zaharrean eraso homofoboa pairatu zutela salatu dute
2024-ko irailak 24
Zazpi gizonek bi mutilok inguratu zituzten eta irainka aritu zitzaizkien Deskalzos kalean.
Iturria: Euskalerria Irratia
Iruñerriko gazte batek X sarean mezu kate baten bitartez salatu du gertaturikoa. “Larunbat gauean eraso bat sufritu genuen mutil batek eta biok marika izateagatik”.
Gazteak azaldu duenez, goizeko seietan Iruñeko Alde Zaharreko Oinutsen karrikaren atzealdean zeuden, eta zazpi gizon gerturatu egin zitzaizkien eta inguratu egin zituzten. Lehendabizi dirua eskatu zieten eta jarraian irainka hasi zitzaizkien.
Gazte homosexualak azpimarratu du oso modu oldarkorrean aritu zitzaizkiela: “Putos mariquitas” (marikoi alaenak), “A estos les gusta darse por el culo, qué asco” (hauei popatik hartzea gustatzen zaie, hau nazka), “Han sacado vacuna para lo vuestro, pero no os la habéis puesto, qué asco” (zuena sendatzeko txertoa atera dute, baina ez duzue jarri, hau nazka).
Azkenean, zazpi gizonok alde egin zuten. Gazteak ez dutela etsiko nabarmendu nahi izan du: “Horrelako gertakariek ezin dute inpunitaterik izan eta argi esaten diegu kaleak ere gureak direla. Ez gaituzte beldurtuko. Gora borroka transbollomarika”.