Salhaketa: “Egungo gartzela-sistema patriarkala eta giza eskubideen kontrakoa da”
Preso dauden emakumeen errealitatea jendarteratzeko helburuarekin hainbat ekitaldiz osatutako zikloa antolatu du Salhaketa Nafarroa elkarteak. Gaur, 18.30etatik aurrera, Burlatako Euskal Herria Peñan, musika eta jaia uztartuko ditu Salhaketak elkartea diruz hornitzeko. Madame Birrots, Zirze, Hitz Tantak, Satiro, Myercolon, Basajaun, Lauravels, Las Tipex eta Broken Bothers Brass Band arituko dira oholtza gainean, eta amaitzeko Dj Reimy musika jarriko du.
2024-ko apirilak 5
Presoei eta hauen familiei laguntzea helburu duen Salhaketa Nafarroa elkarte antipunitibistak Emakumeak eta gartzela zikloa antolatu du datozen egunetarako, Iruñeko Emakumeen Etxean eginen dena.
Alde batetik, apirilaren 3tik 15era bitartean, Emakumezko Presoen Laguntzaileen Elkartearekin batera egindako Presas-Presoak erakusketa egonen da ikusgai Agoitz kaleko egoitzan, emakumeek gartzeletan bizi dituzten egoerak islatzea helburu duena. Bestalde, apirilaren 4an, 18:30ean, Salhaketako lehendakari eta abokatu Libertad Francesek eta elkarteko kide Zuriñe Redondok Emakumea eta gartzela hitzaldia emanen dute. Redondok berak azaldu moduan, 2012an Salhaketak argitaratutako Emakumeak espetxean. Ahotsak Iruñeko espetxetik liburutik abiatuko da hitzaldia. “Iruñeko gartzelan preso dauden emakumeen ahotsak bildu genituen liburuan. Hitzaldian, hortik abiatu eta testuinguruan jarriko dugu emakume hauen egoera”.
Zikloari amaiera emateko, datorren asteartean, maiatzaren 9an, Alicia Alonso Merinok Feminismo anticarcelario liburua aurkeztuko du. Bertan, egileak feminismo ez zigortzaile baten alde egiten du, gartzelen eta punitibismoaren abolizioan sinesten duen feminismo baten alde.