Salbuespenezko legedia amaitzeko eskatu diote parlamentuari

Gorka Mayok, Patxi Arratibelek eta Joxe Aldasorok tortura kasuen berri emateko agerraldira ez dira azaldu UPN eta PPko ordezkariak

2016-ko apirilak 6

Joxerra Senar, Berrian

2009 eta 2010. urteetan atxilotuak izan ziren 83 lagunetatik epaitegietan 81 absolbituak izan dira. Euretako askok torturak jasan zituzten, baina salaketak artxibatu ziren. Behin-behineko espetxealdian izandako epea zenbatuz gero “ehun urte” ateratzen dira. “Datu horrek ez du aditzera ematen zerbait arraroa dagoela eta hori ahalbidetzen duen lege bat dagoela? Gure ustez bai”.

Gorka Mayok galdera hori egin du gaur eguerdian Parlamentuan. Berekin batera alboan izan ditu Patxi Arratibel eta Joxe Aldasoro etxarriarrak. Berez, apirilaren 14an hasiko da Gorka Mayo, Patxi Arratibel, Iker Moreno eta Gorka Zabalaren aurkako epaiketa; maiatzaren 17an berriz, Joxe Aldasoro, Roxika iriarte eta Eneko Konpainsen aurkakoa.

Agerraldiaren bideoa IKUSI

Agerraldian Mayok, Arratibelek eta Aldasorok euren operazioetako tortura testigantzak eman dituzte, eta gainera, errealitate hori ahalbidetzen duen salbuespenezko legedia salatu dute. UPN eta PPko parlamentaririk ez da izan. “Pena ematen digu ez gaituztela entzun eta guk ere ez diegula entzun esateko dutena”.

Agerraldian lau puntuko eskaera egin diote Parlamentuari. Batetik, torturaren aurkako jarrera argia azaltzea eta bere praktika eragotziko duten mekanismoak ezartzea, batik bat inkomunikazioaren desagerpena. Era berean, Espainiako Gobernuari exijitzea torturaren aurkako ituna betetzea. Bigarrenik, eskatu diote Parlamentuaren Nafarroan izan diren tortura kasuen ikerketa egitea. Eusko Jaurlaritzaren adibidea jarraitzeko aholkatu diote.

Hirugarrenik, laster hasiko diren epaiketetan euren berme prozesalak errespetatzeko babesa eskatu dute. “Beldur gara ez direla beteko”. Azkenik alde askotariko elkarrizketa baten aldeko konpromisoa hartzeko deia egin dute, gatazka konpondu asmoz. “Errelato integratzaile bat ahalbidetu behar da eta bizikidetzaren alde zubiak eraiki behar dira”, aipatu du Gorka Mayok.

Alderdien erreakzioa

EH Bilduko Bakartxo Ruizek bat egin du auziperatuen eskaerekin. Tortura kasu bakanak direla aipatzen dutenen aurrean, “praktika sistematikoa” dela salatu du, eta gaineratu du salbuespenezko egoerek bere horretan jarraitzen dutela: “Dena ETA da teoriarekin ehunka pertsona epaituak izan dira, euren artean hamarnaka nafarra, lan politikoa egiteagatik. Egoera hori ez da aldatu”.

Geroa Baiko Maria Solanak nabarmendu du beti egon direla epaiketa politikoen aurka eta salbuespenik gabe giza eskubideen urraketa hori salatu dutela. “Hau urraketa bat gehiago da, eta ondo dakigu gertatu dela. Lepoa egingo nuke, gainera, tortura ez dela iragana”.

Ahal Duguko Ruben Velascok “ahal den guztia” egin beharko litzatekeela inkomunikazio erregimenarekin amaitzeko eta torturaren aurka Amnesty Internationalen gomendioak bete behar direla deritzo.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek tortura “giza eskubideen urraketa larria” dela iritzi dio. Era berean Dena ETA da doktrina gaitzetsi du legez kanpo egin dela argudiatuz.

PSNko Inma Jurioren ustez, Auzitegi Nazionala ez da salbuespenezko auzitegi bat eta ez dago epaiketa politikorik. Bai azpimarratu du tortura saihesteko neurriak hartu beharko liratekeela. “Torturatuak izan zinetela frogatuko balitz, zuzenbide estatu batean torturatuak izan zaretelako nire lotsa azalduko nizueke”. Eskaerei begira, elkarrizketaren alde azaldu da. “Alde askotariko konpromisoez gain, aitortzak ere alde askotarikoa izan behar du. Aitortzak argia izan behar du: alde guztiek barkamena eskatu behar dute eta egindako mina aitortu. Horrela hasiko dugu, pertsona guztien duintasun, justizia eta erreparazioaren aldeko bidea”.

Gehiago