Sakana Trenaren Alde ekimenak 6.850 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu “herritarren eta lurraren alde”

Larunbatean jakitera eman zutenez, 6.850 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Madrilgo Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioan Abiadura Handiko Trenaren aurka.

2026-ko martxoak 30

Sakana Trenaren Alde ekimenak alegazio guzti hauekin Abiadura Handiko Trena “proiektu txikitzaileari” aurre egin nahi dio, eta bide batez “betiko trena gaurkotu, hobetu eta zerbitzuen maiztasuna handitzearen alde” agertu nahi du.

Haien esanetan, 6.850 alegazio hauek “erabat gauzagarria, egingarria eta errealitateari lotua dagoen tren alternatiba baten” aldekoak dira.

Gainera, 6.850 alegazio hauez gain, beste ehunka ere aurkeztu dira, norbanako zein eragile desberdinen partetik, bai telematikoki bai beste erregistro batzuen bidez.

Norbanakoek aurkeztu dituzten alegazioez gain, zuzenean kaltetuak diren Sakanako 14 udalek, Itzako hiru kontzejuk eta Aralarko Elkarteak beraien alegazio propioak aurkeztu dituzte bi ingeniaritza enpresen laguntzarekin. Oso pozik agertu dira egindako lanarekin. “Lan eskerga eta bikaina burutu dugu eragile eta udal desberdinen artean elkarlanean”, adierazi dute.

Gaur egun pairatzen ari garen krisi ekosozial larri honetan AHT bezalako proiektuak “zaharkitua” dela eta ez dituela “gaur egungo erronkei aurre egiteko balio” azpimarratu nahi izan dute. Hala nola, kritika dute ez dituela mugikortasun arazoak konpontzen, edota lurraldea kohesionatzen. Haien esanetan, landa eremuaren despopulazioa bizkortuko du eta ingurumenari kalte izugarria eragingo dio. Horretaz guztiaz gain, gaur egungo tren zerbitzuak kaltetuko ditu, AHTak diru partida gehienak jasotzen dituelako.

“Gure herriak uztartuko dituen tren bat behar dugu. Pertsonaz gain, salgaiak mugituko dituen tren zerbitzu eraginkor bat behar dugu. Gure herriak eta eskualdeak eta hauek hiriburuekin lotuko dituen trena behar dugu eta ez hiri oso handiak besterik lotuko dituen AHTa. Bidaiariak soilik mugituko dituen AHTa”, nabarmendu dute, eta berriz ere tren publiko eta sozial bat aldarrikatzen dute.

Alegazio hauek aurkeztearekin batera, balorean jarri dute martxoa Altsasun egindako mobilizazioa, eta lanean jarraitzeko konpromisoa berritu dute.

Gehiago