Sakabanaketak eragindako azken ezbeharra salatzeko kontzentrazioa egin zuen Etxerat-ek PPren aurrean
Darocako (367 km) espetxean preso dagoen Alfredo Remirez euskal preso politikoaren senide eta lagunek ezbeharra jaso zuten atzo iluntzean, bisita egin ostean. Urrunketak eragindako bigarren ezbeharra izan da honako hau. Atzo, 67 lagun elkartu ziren Iruñean PPk duen egoitzaren parean.
2018-ko otsailak 27
Bost lagun zihoazen kotxean istripua Logroño parean suertatu zenean. Alfredoren senide eta lagunen autoak orein baten aurka jo zuen. Zorionez ez zuten zauri larririk sufritu bidaiariek, baina autoa bertan utziz, Euskal Herrira itzuli behar izan zuten taxi batean.
Alfredo Remirez amurrioarra azaroaren 4an sartu zuten Basauriko espetxean, urtebeteko kondena agindu ziotelarik, hain justu, Alfredok dispertsio politika salatzeko izandako konpromisoa zigortze arren. Orain arte Basauriko presondegian zegoen, baina joan zen astean Darocara urrundu zuten. Atzo lehenbiziko bisita egin zioten Darocan senide eta lagunek eta espetxetik bueltan pairatu zuten ezbeharra.
Sakabanaketak eragindako urteko bigarren istripu hau salatzeaz gain, Etxerat Elkartetik 29 urte beteko dituen dispertsio politikak 400dik gora istripu eta milatik gora zauritu utzi dituela gogoratu dute.
“Alfredo Remirezen kasuan gainera, Basauriko espetxetik urruntzeak zigorra bikoiztu egin du bere senide eta lagunentzat eta horren eragin argia, asteburuan haiek jasandako istripua”, salatu du Etxerat elkarteak. “Ez ziren Zaragoza eta Logroñoko inguruko errepide horietan ibili behar. Presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartuta izaten direla astebururo-astebururo ehunka euskal herritar, eta nahitaezko bidaia luze hauen erruz 16 hildako eragin direla” gogoratu du Etxerat-ek.