Saharara joandako brigadistak herrialdetik kanporatuak izan dira
Abuztuaren 4an Saharako brigada osatzen zuten 6 kideak kanporatu egin zituen Marokoko Gobernuak. Bideo honetan labur, kanporaketa nola izan den azaltzen dute brigadistek eta bereziki salatu marokoar Gobernuak Saharako herriaren aurkako errepresio eta zapalketa.
2014-ko abuztuak 6
Askapenak zabaldutako informazioa:
Joan den larunbatean heldu zen Sahara mendebaldera Askapenaren brigada, urtero bezala. Hasiera batean arazorik gabe sartu ziren Sahara okupatuan, eta bi egun eman dituzte Smara hirian Saharar kolektibo ezberdinekin harremanetan. Gaur goizean baina, El Aaiun, Sahara mendebaldeko hiri garrantzitsueneko sarreran kanporatuak izan dira hiru brigadistak eta arratsaldean berriz beste hiruak. Lehen aldia da Askapenak Saharara antolatutako brigadak kanporatuak direla.
Brigadako sei kideetako hiru alde batetik sartzen saiatu dira eta beste hiruak beste alde batetik, baina guztiak kanporatuak izan dira. Kontrol polizialetako batean atxiki dituzte goizeko hiru brigadistak, eta ez diete bidaia jarraitzen utzi. Autobusetik jaitsi arazi dituzte eta Gobernu delegatuak jakinarazi die Smaran Saharar independentistekin bildu direnez, bertatik kanporatuak izango direla. Ondoren beren borondatearen aurka taxi batean sartu dituzte eta Maroko hegoaldeko Agadir hirira bidali poliziak kustodiatuta. Hauen antzera arratsaldean sartzen ahalegindu diren brigadistak beraien borondatearen aurka taxi batean sartu dituzte, eta beraz orain Agadir hirira bidean daude, poliziak jarraiturik. Espero dugu hauek ere onik helduko direla Marokoko lurretara.
Azken hilabeteotan apenas heldu da atzerritarrik Sahara okupatura, guztiak kanporatuak edo mugan geldiaraziak izan baitira. Badirudi beraz Marokok azken hilabeteotan Saharar lurretako blokeoa hareagotu egin duela, are gehiago gure brigadistei jarritako aitzakia ikusirik. Okupazioarekin aski ez eta nazioarteko brigadistoi sarrera galarazi nahi digute, testigu deserosoak gara nonbait.
Gure brigadaren helburua Saharar herriak okupaziopean bizi duen egunerokotasuna ikustea zen, baita bertako zenbait elkarterekin edota preso eta desagertuen senideekin biltzea eta Euskal Herrian bizi dugun egoeraren berri eman eta elkarlanean aritzea ere.
Gure lanari oztopoak jarri nahi dizkiotela argi erakutsi du Marokoar gobernuak, baina ez gaude prest gure brigak gelditzeko! Eta beraz, gure ekinbidearekin jarraituko dugu, Sahararren egoera behar den tokian salatzeko, han zein hemen.
Gogor salatu nahi dugu batetik gure brigadistekin gertatutakoa, eta bestetik Saharar herriak bizi duen eta nazioarteko legedia urratzen duen okupazio diktatorial hau Ez gaituzte ez gu ezta Saharar herria isilduko, gaurkoan haien aldarria gurea ere bada, eta guztion artean lortuko dugu blokeo honi aurre egitea!
SAHARA HURRA ! GORA SAHARA!