Indar Gorriko 4 kide absolbitu dituzte Espainiako zaleak iraintzeaz

Epaileak froga falta nabarmena egon dela ebatzi du, epaiketan parte hartutako testiguek ez zutelako partida ikusi edota espainiar selekzioko bandera edo kamisetarik ez zeramatelako

2024-ko azaroak 12

Iturria: Euskalerria Irratia

Indar Gorri taldeko lau kide, eta Gasteizko beste gazte bat, absolbitu egin ditu Iruñeko Epaitegiak, epaileak ez duelako frogarik aurkitu 2022ko urrian Sadarren jokatu zen Espainiako eta AEBko emakumezkoen futbol selekzioen arteko partidara joan behar zuen publikoa hertsatu zutela erakusteko, akusazioak defendatzen zuen bezala.

Magistratuak ziurtatu du “froga falta erabatekoa” dagoela; izan ere, epaiketara aurkeztutako  lekukoetatik inor ez zen partidaren ikusle izan, bat ere ez zen futbol-zelaira joan edota ez zeraman Espainiako bandera edo selekzioaren kamisetarik egun hartan.

“Ez da egiaztatu, beraz, salaketaren xede diren egitateetan hertsapenen subjektu pasibo gisa identifikatzen diren zaleak kikildu zituztenik, fisikoki edo ahoz, deskribatutako jarduketagatik, edo nolabait kikilduta sentitu zirenik, ezta haien askatasuna kaltetu zitzaienik ere, Espainiako banderak edo kamisetak eraman ala ez”, nabarmendu du epaileak. “Egiaztatu dena, zalantzarik gabe, egun horretan, Sadar futbol zelaiaren inguruan, desordena batzuk izan zirela, eta, zenbait kasutan, kirol-ekitaldiaren segurtasunaz arduratzen ari ziren polizia nazionalen aurkako jokabide bortitzak izan zirela, ahoz eta fisikoki. Hala ere, ez da akusaziorik mantentzen”, azpimarratu du magistratuak.

Fiskaltzak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu zuen auzipetuentzat eta bost urtez Sadarretik 600 metrotara hurbiltzeko debekua.

Gehiago