Proiektu autogestionatuen aldeko borrokak kalean behar duela adierazi dute
Okupazioa zilegizko tresna gisa aldarrikatu dute, autogestio proiektuak eraikitzeko bide eraginkor bezala. Esan dutenez, "eraikina bera sekula ez da helburu izan bere baitan, baizik eta bide bat gure proiektua garatzeko". Beraz, Iruñeko Udalak eskainitako eraikinari baiezkoa eman diote. Modu berean, "Geroa Bai-ren eskutik egindako hustutze eskaera" salatu dute.
2016-ko urtarrilak 16
Gaurko prentsaurrekoan, Gaztetxeko Asanbladak orain arte egindako bideari buruzko analisia egin du, baita momentu honetan bizi duten egoerari buruzko azalpenak eman ere.
Hasteko, okupazioa zilegizko tresna gisa aldarrikatu dute, autogestio proiektuak eraikitzeko bide eraginkor bezala. “Hona arteko bidea okupazioaren bidez egin dugu, hortaz, baliozko tresna izaten jarraitzen du. Era berean, eraikina bera sekula ez da helburu izan bere baitan, baizik eta bide bat gure proiektua garatzeko”, esan dute.
Lehen unetik elkarrizketarako prest egon direla azpimarratu dute. “Eta hala izan da, Nasuvinsako jabeekin eta Nafar Gobernuarekin, baita Iruñeako Udaleko ordezkariekin egin ditugun bilerak erakusten duten moduan”.
Adierazi dutenez, “gaztetxearen gaineko hustutze arriskua egon da, eta era bortitzago batean azkeneko egunotan, hori gobernuaren erantzukizun zuzena delarik. Aste honetan bertan gaztetxera notario bat bertaratu zitzaigun identifikatu gintezen eskatuz, eta beste behin mehatxatuz, oraingoan prozesu judizial bat irekiko zuela adieraziz, hilak 18rako lokala hustuta izango ez bagenu”.
Udalak eskainitako eraikinari baiezkoa
Azkenik, Udalari berak eskainitako eraikin bati baiezkoa eman diote. “Hau ez da jasandako presioen ondorioz izan, baizik eta asanbladak bere proiektuaren beharrizan eta ezaugarriei egokitzen den eraikin baten beharrari irmo eutsi izanagatik”. Honen aurrean, titulartasun, erabilera eta kudeaketari dagozkion akordioaren baldintzei buruz zabalduriko informazio oro gezurtatu dute: “baldintza hauei buruz ez dugu hitzegin Udaletxearekin. Honen guztiaren aurrean, genuen jarreran tinko mantentzen gara: lokal hutsak daudela salatuz eta gazteontzako lokal autogestionatuen defentsan eginez”.
Bestetik, orain arteko lorpenak herri mobilizazioei esker lortu izan direla azpimarratu dute, “eta ez kontzesio instituzionalen ondorioz”. Modu berean, gaztetxea mantentzeko mobilizazioa ezinbestekoa izango dela uste dute. Beraz, herri eta gazte mugimenduaren eskutik datorren lorpen baliotsu hau ospatu dute, dei bat eginez: “kolektibo, asanblada eta mugimendu ezberdinei borrokan jarrai dezatela animatzen ditugu. Gaur inoiz baino gehiago, borroka kalean dago”.
Azkenik, Tolosako Ezpala Gaztetxeko gazteei “babesik beroena” eman diete, desalojoa sufritu baitute aste honetan bertan. “Egoera honen arduradunak betiko amets zapaltzaileak izan dira eta beste behin ere, horiei gure mespretxu handiena adierazi nahi diegu”. Gaur bertan Tolosan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.