Presoen egoera konpontzeko urratsak emateko “garaia dela” dio Sare Herritarrak

2019ko azaroaren 10eko hauteskundeetako emaitzak ikusita eta iragarritako PSOE-UNIDAS PODEMOS alderdien arteko koalizio-gobernuaren berri izan eta gero, Sare Herritarrak presoen egoera konpontzeko urratsak eskatu ditu. Orain da garaia, esan dute mugimendu honen bozeramaileek.

2019-ko azaroak 30

SAREk mezu bakarra helarazi nahi die Euskal Herriko indar politikoei: ORAIN DA GARAIA!!
Orain jarri behar dute EAEko eta Nafarroako euskal agendek leku nabarmenean espetxe-politika aldatzeko aldarrikapena, euskal diputatuek edozein akordio babesteko edo abstentziora jotzeko sine qua non baldintza gisa. Politika horrek oinarri sinple bat, baina, aldi berean, oso garrantzitsua izan behar du, giza eskubideak, eta euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-araubideari amaiera ematea ekarri behar du.

Gai hau Estatuaren agendan sartu behar da. Salbuespen-politikaren ordez, espetxea humanizatu egin behar da. Sakabanaketa orain dela hogeita hamar urte baino gehiago hasi zen. Askatasuna kentzeko zigor gogorrei, urruntzearen zigorra eransten zaie, eta zigor horrek presoei eragiten die, baina eragina gogorragoa da epaituak eta zigortuak izan ez diren senideen kasuan. Hala, zuzenbideko estatua mendeku- estatua bihurtu da, eta horrek balioa kentzen dio. Hau da, oraindik indarrean dagoen «Talioaren legera» itzuli dira, ETA erakundearen indarkeria desagertu zenetik ia 10 urte pasatu ondoren, eta erakundea desegin zenetik urte bat baino gehiago pasatu eta gero.

Ez da ulertzen indarkeria maila gorenean zegoen uneetan bezain krudela izatea orain espetxe-politika. Ez da ulertzen ere, sakabanaketaren xedea izanda militanteei eta senideei presioa egitea ETA desagerrarazteko, oraindik ere sakabanaketari eustea ETA 2018ko maiatzean desegin ondoren.

Preso dagoen senidea 40 minutuz ikusi ahal izateko, 1.000 edo 2.000 kilometro egin behar izatea gizatasun-irizpideen barruan sartzen da, ala?

Gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzea, edo hiltzeko denbora gutxi falta zainean baino ez askatzea, duela gutxi hil den José Ángel Otxoa de Eriberen kasuan bezala, justizia-irizpideetan oinarrituta dago, ala?
Eta, pertsona hauek salbuespen-erregimen bat aplikatzea, biziarteko espetxealdi ezkutua ezarrita, legearekiko ekitate- eta berdintasun-irizpideen edo gizarteratzeko irizpideen araberakoa da, ala?

Egoera honek ez dio soilik Euskal Herriari eragiten. Errepresioak gogor eragin dio Kataluniari ere, hango erakundeei eta ordezkari politiko eta sozialei. Gure erabateko elkartasuna helarazi nahi diegu. Are gehiago. Agenda judizialak eta espetxe-agendak bide eman behar dute Kataluniako aldaketaren aldeko  indarrekin akordio zabala lortzeko.

EAEko eta Nafarroako erakundeetan behin eta berriro aldarrikapen hau babestu duten euskal alderdi politikoei, hau da, EAJ/PNV, EH BILDU, PSE, PSN, ELKARREKIN PODEMOS, GEROA BAI eta Ezker Batuari hau adierazi nahi diegu:
1.- Gure aitortza eta esker ona helarazi nahi dizkiegu, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, lurralde historikoetako Batzar Nagusietan eta udal askotan, urruntze-politikari amaiera ematearen alde, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasunaren alde, gradu-aldaketaren kudeaketa normalizatuaren alde edo espetxeen arloko eskumena transferitzearen alde sustatu dituzten erabaki eta ebazpen guztiengatik.

2.- Halaber, erakundeetan erakutsitako konpromiso horretan oinarrituta, eskatu nahi dizuegu erabaki eta ebazpen horiek estatuko gobernu berria osatzeko negoziazioan islatzeko. Lortutako akordioak aktibatzeko eta Euskal Herrian onartu izan denari balioa emateko unea da, orain arte testigantzazkoak izatera mugatu diren erabaki garrantzitsu horiek HELBURU SAIHETSEZIN ETA ATZERAEZIN honen aurkezpen-txartela izan daitezen.

Euskal gizarteak aldarrikapen honi ematen dio babesa erakusteko unea da; indarkeriari eta haren ondorioei amaiera emateko prozesua ixteko unea da.

Etorkizuneko belaunaldiek ez dezatela aukerarik izan guri ezer leporatzeko gure erantzukizunak alde batera utzi ditugulako, edo aukerak ez ditugulako aprobetxatu. Gure ardura da, gizarte zibilarena eta Gorte Nagusietan gure ordezkari politiko direnena, gorrotoaren, sufrimenduaren eta mendekuaren atea erabat ixtea edo, gutxienez, apur bat ixtea, gaurko eta etorkizuneko bakea eta bizikidetza eraikitzeko orain dugun aukera apartaz baliatuta.

Gehiago