Presoak etxeratzeko “zubiak eraiki” behar direla dio Sarek eta giza kate bat antolatu du Iruñean

Urriaren 5erako giza katea antolatu du Sarek Iruñean, eta herritarrak aktibatzera zein mobilizazioan parte hartzera dei egin dute.

2019-ko irailak 17

Herritarrek “presoak etxeratzeko zubi” izan behar dutela uste du Sare Herritarrak, “konponbidearen zein elkarbizitzaren alde zubiak eraikitzeko prest dauden herritar aktibo”. Ahaleginak ugaritzeko garaia dela uste dute, besteak beste, euskal presoak etxeratzeko helburua lehenago erdiesteko. Bide horretan, giza katea antolatu dute Iruñean, urriaren 5erako.

Zubiak eraikitze horretan, bi zubi lotzea dute helburu. Oblataseko eta Santa Engraziko zubiak elkartu nahi dituzte, eta, horretarako, herrietan zein auzoetan jendea aktibatzeko lanari lotzeko eskatu dute. Zubiak presoak etxeratzeko leloarekin egingo duten mobilizazioa eguerdian izango da, eta “ezberdinen arteko zubi lanaren garrantzia” azpimarratu nahi dute.

“Iritzi kontrajarriak” 11/13 auziko epaiari buruz
Sareko kideek poza agertu dute atzo Madrilen hasi eta bukatu zen epaiketaren akordioaren inguruan. Poza, 45 epaitu ez direlako egongo “salbuespenezko espetxe politikaren atzaparretan”. Baina, bestetik, “larria” iruditzen zaie epaiak “mendeku gosea” izatea. “Injustizia baten aurrean gaude”.

Gehiago