Preso politikoen espetxe-legediaren bidean aurrera egitea ez dezatela oztopatu eskatzen du Etxerat-ek

Etxerat-ek Foro Sozial Iraunkorrarekin bilera egin du eta euren lana zoriondu nahi izan du "egungo salbuespen espetxe-politikaren eta konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egin duen ekarpena" ezagutarazteagatik. Gaur egun 144 euskal preso aurkitzen dira 1go graduan, espetxe erregimenen artean gogorrena dena.

2020-ko urriak 3

Etxeratek Foro Sozialak sortutako Behatokiarekin lan-topaketa bat egin du, presoen egoera aztertzeko, eta bereziki,  presoei aplikatzen zaien gradu politikaren inguruan hausnarketa egiteko. Iñaki Alonso preso ohiaren testigantza entzuteko aukera izan dute bertan elkartutakoek. Alonso 25 urte lehenengo graduan egon ondoren, duela gutxi Kordobako espetxetik atera zen.

Bestetik, Onintza Ostolaza abokatuak presoei ezartzen zaien graduen erregimenari buruzko azalpenak eman zituen, ikuspuntu juridiko batetik.

“Gaur egun, ezin dugu ahaztu euskal preso gehienek lehen graduan jarraitzen dutela. Urrunago joan gabe, aurreko asteburuan, Rufino Arriaga Sevillako espetxetik irten zen lehen graduan 23 urte igaro ondoren, erregimenik murriztaileenean”, gogoratu du Etxeratek.

“Ahalik eta azkarren etxean egotea nahi dugu guk ere, senideei sufrimendua areagotzen duen espetxe-politika baten mende egoteari utzi behar diogulako, hori dela eta, gure senide presoei espetxe-legediaren bidean aurrera egitea ez dezatela oztopatu eta eragotzi eskatzen dugu, eta beraz, espetxetik ateratzearen ikuspegitik, justizia arrunta aplikatzeko duten eskubidea errespetatzeko”, eskatu du Etxeratek.

Gehiago