Preso eta iheslariekiko Elkartasun Eguna ospatuko da datorren maiatzaren 27an Donibanen

Egun, Donibaneko zazpi bizilagun daude espainiar eta frantziar estatuetan dispertsaturik, denak etxetik ehundaka kilometrora. Horietako bat, Iñaki Etxeberria, larriki gaixo dago.

2017-ko maiatzak 18

Kartzelan bizi duten egoera “ez da batere duina” salatzen dute egun honetako antolatzaileek, eta presoen senide eta lagunekin harremana mantentzeko “murrizketa asko” dituztela azpimarratu nahi izan dute. “Argi dugu, Estatuen helburu bakarra pertsona hauek isolatzea dela. Gure esku dago, ordea, pertsona hauek ahalik eta hurbilen sentiaraztea”.

“Gure ardura da auzoan pertsona hauek bizirik mantentzea, haiek baitira guztion borrokaren ondorioak pairatzen dituztenak. Haiek egindako borrokari esker baikaude gu hemen”, adierazi dute.

Presoen egoeraz gain, iheslariena ere kontutan hartuko dute. “Estatuek herriaren kontra jorratutako errepresioaren ondorioz haien auzoak, familia, lana eta hurbileko jendea utzi behar izan zuten duintasuna mantentzeko asmoz eta Estatuaren atzapar torturatzaileak sahiesteko”, gogoratu dute.

Elkartasun Egunaren egitaraua eguerdiko 12.30etan hasiko da. Azuelo plazan harreman eta salaketa txokoa zabalduko da. Herri bazkaria izanen da 14.30etan eta arratsaldeko 18.00etan manifestazio bat abiatuko da Azuelo plazatik auzoko kaleen barna ibiltzeko.

Gehiago