Prebentzio Legeak 30 urte betetzen dituen egunean, azken lan heriotza salatu dute sindikatuek
"¡Cada tronco que cae una vida en riesgo! Enpresen arau-hausteak azpian harrapatzen gaitu!" lelopean, joan den asteko azken lan istripu hilgarria Iruñeko erdigunean birsortzearekin batera (langile bat hilda benetako zuhaitz baten azpian harrapatuta), enpresen inpunitatea salatu dute LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek.
2025-ko azaroak 10
Ordezkari sindikalen arabera, “30 urteren ondoren zerbait azpimarratzerik badago, enpresariek ez dutela araudia betetzen eta inpunitate hori gobernuen utzikeri konplizearekin egiten dutela, da. Hori, langileriak ordaintzen du istripu tasa beldurgarriekin”.
Berriki Nafarroako Gobernuak argitaratu duen enpresen prebentzioa araudiaren betetzearen inguruan dagoen txosten bakarrak argi uzten du sindikatuon etengabeko salaketa zuzena dela. Izan ere, enpresen %80ak ez du prebentzio araudia betetzen, 30 urte indarrean daramatzan araudia, hain zuzen. “Soilik honela ulertu daiteke Nafarroan ematen den istripu eta laneko gaitzen tasa altua”, adierazi dute sindikatuek.
Sindikatu deitzaileen esanetan, “enpresen inpunitate hau administrazioak berak bermatu du, ahalbideratzen du. Ez da ahaztu behar Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN patronalaren artean 1.200.000 euro banatzen dituztela urtero eta plan horietako neurri bakar bat ere ez dela enpresetan derrigortzen”.
Sindikatuek azaldu dute ere, prebentzio faltak eragindako baja guzti horiek absentismo izendatzen dituztela eta gainera langileei egozten dietela ardura. Horri gehitu behar zaio mutualitateek, iruzur eginez, lanak eragindako kalteak ez dituztela onartzen eta baja arrunt gisara izendaturik amaitzen dutela. “Osasuna urratzearen ardura enpresena da, legea betetzen ez duten enpresari horiena, eta absentismoa deitzen dioten hori beraiek eragiten dute”.
Errealitate horren adibidea da, sindikatuek salatu dute, joan zen astean bi istripu larri pairatu zituztela basogintza enpresa bereko bi langilek, Sakanan kokatutako baso batean. 32 urteko langile bat larri zaurituta helikopteroz eraman behar izan zuten. Aldiz, egun batzuk beranduago, 62 urteko langilea adar batek kolpatua hil zen.
Azken urteetan basogintzak hilkortasun tasa altuak erakutsi ditu, urtean bataz beste 2-3 langile hiltzen dira 1.000 langile duen kolektibo batetik Euskal Herrian. Sektorea eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilgarriagoa da. Basogintza sektorearen sakoneko prekarietatea da oinarrizko arrazoietako bat. Adibide gisara, 2018ra arte sektoreak oso langile gutxi zituen alta emanda dagokion jarduera ekonomikoaren erreferentziapean. Inspekzio kanpaina baten ondorioz bat-batean altan emandako langile kopuruak nabarmen gora egin zuen. Horrek ez du esan nahi langile kopuruak nabarmen gora egin zuenik, baizik eta lanean ziharduten langile asko altan eman zituztela legeak agintzen duen moduan.
“Bistan da aktibitateak berak arriskuak daramatzala berarekin batera. Baina bada arrisku horiek modu esponentzialean areagotzen dituen zeharkako faktore bat, basogintza eredua, hain zuzen ere, basogintza intentsiboa”, sindikatuek gehitu dute. “Lan erritmoek, gehiegizko lanorduak, malkar handiek, tresneria ez egokiak, formakuntza faltak, etab. Horiek guztiak basogintzaren berezko arriskuak esponentzialki areagotzen ditu. Azken 4 urteetan 10 langile hil dira basoan, horietatik 8 aktibitate intentsiboan”.
Eredu intentsibotik haratago, ohiko basogintzak ere arrisku nabarmenak ditu. Bidegarritasun ekonomiko ezak eragiten ditu: lanaldi luzeak, 7:00etatik 19:00etara, larunbatetan ere lan eginez, lan erritmo intentsiboak, eta aldapa zorrotzetan makinaria zahar eta egokigabea erabiltzea. Prebentzio neurriak ez dira aplikatzen, langileak modu isolatuan lan egiten dute, ez dago prebentziozko errekurtsorik, formakuntza falta nabaria da eta, oro har, ez da laneko araudia errespetatzen.
Faktore hauek dira istripu tasa horrenbestekoa izatearen eragileak, lanaren berezko arriskuei gehigarri direnak. “Hau bereziki larria da Nafarroan, non lan hauen gehiengo zabala baso publikoetan burutzen den. Administrazioak beraz, badu zer esana eta zer egina bere basoetan ematen diren lan baldintzen inguruan”.
Sindikatuek eskatzen diote Nafarroako Gobernuari “bere esku dagoena egin dezala baso publikoetan ematen diren lan baldintzak duintzeko”. Horretarako hurrengo neurriak proposatzen dituzte:
• Administrazio ezberdinek esleitutako baso ustiapen kontratuetako pleguek jaso ditzatela lan osasun araudia betetzeko kontratu bidezko konpromisoa eta lanaren arabera ordutegiak mugatzeko neurriak, besteak beste.
• Dagokion departamentutik baliabideak jartzea, lan ikuskaritzarekin koordinaturik, baso ustiatze prozesuak kontrolatzeko, pleguen baldintzak integratuz.
• Baso ustiapenen ordutegia mugatu eta ikuskatu (fitxajea).
• Errekurtso Prebentiboaren presentzia (segurtasun lanetarako zehazki).
• Kontratazio mota ikuskatzea iruzurrik ez dagoela bermatzeko.
• Basozainentzako prestakuntza lan osasunaren arloan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) lankidetzarekin eta esku hartzearekin.
Gehiago
Gehiengo sindikalak Nafarroarako Gutxieneko Soldata propioaren aldeko aldarrikapena Parlamentura eraman dute
LABek Manuel Torres enpresaburuaren Urrezko Domina berriz aztertzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, bere negozioak Palestinako genozidioan izan dezakeen inplikazioa argitu arte
