Positibotzat jo du STEILAS-ek Nafarroako Gobernuaren jarrera irakasleek udak kobratzeko egindako eskaeraren aferan
Aurreko ostiralean urjentziaz deitutako Mahai Sektoriala izan zuten Nafarroako hezkuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatuek Hezkuntza Departamentuko arduradunekin. Uda kobratzearen aferaren harira, asteazkeneko mobilizazioaren ondotik egun hortan bertan egin zuten deia.
2019-ko urriak 1
STEILAS sindikatutik modu positiboan baloratzen dugu premiazko neurriak hartzeko arduradunek erakutsi duten erreakzioa, arazo honen soluzioa azarorako izango dela berretsiz, gogoan baitugu aurreko Mahai Sektorialean bost hilabete edo gehiagoko epeetaz solastu zirela.
Argi dugu ere, Itunean jasotako neurri hau aurrera eramateko bidea hasi baino ez dela egin; haiek esan bezala, aste honetan izanen den Mahai Orokorrak zein Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak babesa eman beharko baitio aurrera egiteko. Hau dela eta, zuhurtziaz jokatu beharra dago, eta kritiko bezain mobilizatzaile jarraituko dugu gure aldetik irakasle kontratatuek kobratu arte.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu aurreko gobernuak sindikatuokin Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean sinatu eta bete gabe utzi zuen neurririk zaurgarrienaz ari garela, baina ez dela bakarra. Honengatik, aipatutako akordioan dauden 2018-19 eta 2019-20 ikasturteetan ezarri beharreko neurri guztiak lehen bait lehen jarraipen mahaietara ekarri, adostu eta ezartzea exijitzen diogu oraingo gobernuari. Gure aldetik, jo ta ke jarraituko dugu Ituna bere osotasunean bete arte.